Gizartea -

Euskararen Aholku Batzordea

Estatuari ere badagokio euskara zaintzea, Urkulluk nabarmendu duenez

Lehendakariaren ustez, "ez da bidezkoa euskarari bizkarra ematea", eta Europan ere aniztasun linguistikoa bultzatzearen alde egin du Euskararen Aholku Batzordearen bileran.

Urkullu: 'Ez da bidezkoa euskarari bizkarra ematea'

0:18

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi duenez, "Estatuko eta Euskadiko herri administrazio guztien eta bakoitzaren eginkizuna da euskararekiko ardura", eta, beraz, "bizikidetza demokratikoaren ikuspegitik, ez da bidezkoa euskarari bizkarra ematea".

Euskararen Aholku Batzordearen bileran egin ditu adierazpenok lehendakariak. Urkullu buru zutela, euskararen inguruko auziak aztertu dituzte batzarrean Eusko Jaurlaritzako, hiru foru aldundietako, Eudeleko, Euskaltzaindiko eta Legebiltzarreko ordezkariek eta aditu talde batek.

Bilera hasi baino lehen, Donostiako epaitegi batek udal aktak euskara hutsean idaztearen alde hartutako erabakia izan du hizpide Urkulluk. Horren ustez, "Estatuko eta Euskadiko herri administrazio guztien eta bakoitzaren eginkizuna da euskararekiko ardura". Beraz, "bizikidetza demokratikoaren ikuspegitik, ez da bidezkoa euskarari bizkarra ematea".

Aniztasun linguistikoa Europan

Estatuan ez ezik Europan ere "aniztasun linguistikoa bultzatzea" eskatu du lehendakariak, "hala jasotzen baitu Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak", adierazi du. "Badago euskara babesteko nahikoa araudi. Batzuetan falta dena araudi hori bizikidetzaren alorretik aztertzea da", azaldu du.

Euskararen inguruko hainbat txosten eduki dituzte mahai gainean Euskararen Aholku Batzordeko kideek. Besteak beste, EAS proiektuaren bilakaera jasotzen duena eta "Euskararen Balio eta Eragin Ekonomikoa" izenekoa izan dituzte ahotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Urkullu azken albisteak