Gizartea -
Nafarroa
Hezkuntza arlorako 425 postuko LEPa iragarri die Mendozak sindikatuei
2016an, 320 irakasle- eta 14 ikuskatzaile-plaza deituko dituzte, eta 2017rako eskaintza, berriz, 91 plazakoa izango da, Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat, hain zuzen ere.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Hezkuntza sailburu Jose Luis Mendozak Mahai Sektorialeko sindikatuei Lan-eskaintza Publikoa (LEP) egiteko proposamena iragarri die gaur. Proposamen horren arabera, 334 plaza eskainiko dituzte 2016. urtean, eta beste 91, 2017an. Kontseilariak nabarmendu duenez, 2016an eskainiko diren 320 irakasle plazetako 228 klaseak euskaraz emateko izango dira.
Horrela iragarri die kazetariei Mendozak berak LAB, STEE-EILAS, AFAPNA, CCOO, ELA, ANPE eta UGT sindikatuetako ordezkariei Nafarroako Gobernuaren asmoen berri eman ostean. Sindikatuek proposamenaren ezaugarriak era desberdinean jaso dituzte; dena dela, proposamena oraindik ere Mahai Orokorretik pasatu beharko da. Deialdiaren xedea 2016ko plazak urtarrilean deitzea da, datorren urteko udan bertan egiteko oposizioa.
Horrenbestez, 2016an, 320 irakasle-plaza deituko dira (228 euskaraz eta 92 gaztelaniaz), eta 14 ikuskatzaile-plaza (7 euskaraz eta 7 gaztelaniaz). 2017an, ostera, Bigarren Hezkuntzako 91 irakasle plaza eskainiko dira. Horiei guztiei aurtengo ikasturtean erretiratutako langileen berrezartze-tasetako plazak gehitu ahal zaizkie, baita hala zehazten diren besteren batzuk ere, baldin eta Estatuak mugarik ezartzen ez badu.
Plazen nondiko norakoei dagokienez, euskarazko irakasle-plazak era honetan banatuko dira: Lehen Hezkuntza (60), Haur Hezkuntza (60), Euskara (35), Atzerriko Hizkuntza - ingelesa (25), Pedagogia Terapeutikoa (20), Musika (10), Gorputz Hezkuntza (10) eta Entzumena eta Hizkuntza (8).
Gaztelaniazko plazei dagokienez, aldiz, banaketa era honetakoa izango da: Pedagogia Terapeutikoa (50), Gorputz Hezkuntza (16), Entzumena eta Hizkuntza (14) eta Musika (12).