Gizartea -
GAROÑAKO ZENTRAL NUKLEARRA
Garoñako biltegiari buruzko informazioa exijituko du Jaurlaritzak
Ingurugiro sailburuak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du hondakin nuklearren biltegiaren inguruko berririk izan, eta Madrilen ez dio gaiaren inguruan ezer kontsultatu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde Politika sailburuak ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak Garoñan martxan jarri nahi duen hondakin nuklearren biltegiari buruzko informazio eskatuko diote Madrili lehenbailehen, orain arte, ez omen dute eta proiektu horren inguruko berririk izan. Gaiaren inguruan "ahotsa" izatea ere exijituko du Gasteizko Gobernuak.
10 urtez, Garoñan hondakin nuklearrak hartzeko 32 edukiontzi paratzeari oniritzia eman berri dio Ingurumen Ministerioak. Espainiako Gobernuak ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena eman berri du, eta zabaltzeko lizentzia baino ez da falta. Estatuko Buletin Ofizialean urriaren 9an argitaratu zen ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.
Ingurugiro sailburuak esan duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du hondakin nuklearren biltegiaren inguruko berririk izan, eta Madrilek ez dio gaiaren inguruan ezer kontsultatu. Gasteiztik 40 kilometrora eta Arabako hainbat udalerritatik oso gertu dagoen azpiegitura izanda, Oregik uste du ezinbestekoa dela Jaurlaritzari proiektuari buruzko informazio xehea helaraztea.
"Dagokion organoaren erabakiak errespetatzen ditugu, baina Garoña dagoen lekuan egonda, Euskadik ere informazioa eta ahotsa izan beharko lituzkeela uste dugu", esan du sailburuak.
Eusko Jaurlaritzak Garoñako zentral nuklearra betiko ixteko jarrerari eutsiko diola nabarmendu du Oregik.
Arabako Foru Aldundiak, jada, iragarri du eskura dituen "neurri guztiak" hartuko dituela Garoñan hondakin nuklearren biltegia jar ez dezaten.