Gizartea -
Bizkaibus
Erretako autobusen balioa bi milioi eurokoa da
Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua lehengoratzeko lanean ari dela jakinarazi du. Gertakariak gaitzetsi eta "indarkeriak bizkaitar guztiei kalte soziala eta materiala" eragiten diela adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaibusek Derion duen garajean bart kiskali diren autobusen balioa bi milioi eurokoa da, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Halaber, Acha enpresarekin batera Txorierri-Mungialdea zerbitzuaren egunerokoan kalterik ez izateko lanean ari direla jakinarazi du Diputazioak.
Guztira, zortzi autobus kiskali dira Bizkaibusek Derion duen garajean, Ugaldeguren industrigunean. Sua piztu den unean, autobusak hutsik eta garajearen kanpoaldean zeuden. Su hartu duten zortzi autobus horietatik zazpi erabat kiskalita gelditu dira, eta zortzigarrenean, berriz, kalte handiak izan dira.
Sutea nahita eragindakoa izan da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Lehen ikerketen arabera, sabotaje ekintza bat izan da; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, gasolina eta petardo arrastoak eta Ibon Iparragirre presoari erreferentzia egiten dioten orriak aurkitu dituzte. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du sutearen nondik norakoak argitzeko.
Sutea 01:00etan piztu da. Sutearen tokira bertaratu dira Derioko, Artatzako eta Uriosteko suhiltzaileak eta 04:30ak eta 05:00ak bitartean garrak itzaltzea lortu dute. Halaber, suhiltzaileek Bizkaibusek ondoko pabiloia babestu behar izan dute sugarrak hara zabaldu ez zitezen.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Vicente Reyes Garraio eta Mugikortasuna diputatuak larritzat jo dute gertakaria eta gaitzestearekin batera, "bizkaitar guztiei kalte" egiten dien ekintza izan dela nabarmendu dute. Hain zuzen ere bi milioi eurotan zenbatu dituzte kalteak, autobus bakoitzaren batez besteko prezioa 250.000 eurokoa baita. Vicente Reyesen esanetan, erabiltzaileak dira kaltetu zuzenak eta "sor daitekeen galera ekonomikoa zergekin, denon artean, ordaindu beharko dugu".
Horren ildoan, aipatu du helburu nagusia Bizkaibusen zerbitzua lehengoratzea dela, "milaka erabiltzaileei kalterik egin gabe". Horretarako, Diputazioa beste autobus konpainia batzuekin harremanetan jartzen ari da kaltetutako zerbitzuetan lan egin dezaten. Izan ere, autobus berriak erosten badituzte ere, sei hilabete beharko dituzte lehiaketa publikoa deitu eta erosketa gauzatzeko.
Azkenik, enpresari eta langileek elkartasuna adierazi die Bizkaiko Diputazioak.