Gizartea -

Lanak 2016an hasiko dira

Zortzi milioi euro, San Inazio-Zorrotzaurre zubia eraikitzeko

Zubiak 75 metroko luzera izango du, eta 28 metroko zabalera, eta ibilgailuentzat bi bide izango ditu, bi errei autobusentzat, bidegorri bat txirrindularientzat, eta bi espaloi oinezkoentzat.

San Inazio-Zorrotzaurre zubia. Irudia: zorrotzaurre.com
San Inazio-Zorrotzaurre zubia. Irudia: zorrotzaurre.com
San Inazio-Zorrotzaurre zubia. Irudia: zorrotzaurre.com

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko San Inazio-Zorrotzaurre zubiak 75 metroko luzera izango du, ubidean euskarririk gabe, eta 28 metroko zabalera: ibilgailuentzat bi bide izango dituen 6,70 metroko galtzada, 7,00 metro autobusentzat bakarrik izango diren bi erreirentzat, 2,5 metroko bidegorria eta 8,8 metro oinezkoentzako espaloi birentzat, bakoitzak 4,40 metroko zabalera izango baitu.

Proiektua LKS Ingeniaritza enpresako Enrique Elkoroberezibar eta Sergio Saiz bide ingeniariek egin dute eta zortzi milioi euro inguruko aurrekontua izango du (BEZ kanpo). Eusko Jaurlaritzak finantzatuko du obra, eta, aurreikuspenen arabera, 17 hilabete beharko dituzte lanak bukatzeko.

Ubidetik taulapean irten eta zubiaren zentroan hiru metroko altuera izateraino leunki igotzen diren bi arku zuri simetrikoetan oinarritzen da diseinua.

Altzairua

Barandak beirazkoak izango dira, muntagarik gabe eta altzairu erdolgaitzeko eskudela izurtuaz errematatuak. Eraikuntzan erabiliko den material nagusia altzairua izango da. Espaloiek gris koloreko zur sintetikoko zorua izango dute eta bidegorria mikroagromeratu gorrixkaz egina egongo da.

Argiztapen orokorrerako, 12 metro altuerako zutabe bi diseinatu dira, zubiaren alde bakoitzerako bat. Gainera, arkuetarako, argiztapen berezia aurreikusi dute.

Zubia itsasadarraren uriola handiena pasatzen uzteko proiektatuta dago, eta isurbidea errazteko, gutxienez, 40 metroko zabalerako tartean metro bateko behe babesa izango du, kanalaren ardatzean zentratua.

San Ignazio Zorrotzaurre zubia bilbaoenconstruccion.com

San Inazio-Zorrotzaurre zubia. Irudia: zorrotzaurre.com

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira San Inazio eta Zorrotzaurre lotuko dituen zubia aurkezteko ekitaldian.

San Inazio-Zorrotzaurre zubia Zorrotzaurreko hirigintza birsortzeko proiektuaren barruan martxan jarri den bigarrena da. Lehenengoa, Deustu eta Zorrotzaurre lotzen duen Frank Gehry zubia, irailaren 14an inauguratu zuten, eta oraingoz oinezkoek bakarrik erabil dezakete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Itsasadarraren albisteak Zer gertatzen ari da Bilbon? Zer gertatu da Bizkaian? Eguneko albisteak