Gizartea -
Zorrotzan (Bilbo)
Ospitalean jarraitzen du bortxaketa saiakera salatu duen emakumeak
Zorrotzako auzo-elkarteak "eraso bortitz hori" salatu du, eta bihar arratsaldean Azoka parkean izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.
T. SAN JOSÉ | EITB.EUS
Bortxaketa eta lapurreta saiakera salatu duen emakumeak Gurutzetako Ospitalean jarraitzen du, Zorrotzako auzo-elkarteko hainbat iturrik eitb.eus-i jakinarazi diotenez.
Erasoa ostiralean jazo da, 06:00ak aldera. Emakumea kalera atera da, txakurrak paseatzera. Hermogenes Rojo kalean, anbulantzia-parking batean, identifikatu gabeko gizonezko bat emakumea bortxatzen saiatu da. Horrek aurre egin dio, eta ustezko erasotzaileak jipoi handia eman dio.
Oihuak entzunda, anbulantzietako langileek emakumezkoari laguntza eskaini diote. Orduan, ustezko erasotzaileak ihes egin du, eta emakumea ospitalera eraman dute.
Emakumeak zauri larriak ditu aurpegian, eta litekeena da ospitalean egonaldi luzea egin behar izatea.
Gurutzetako Ospitaleak dagokion protokoloa abian jarrita, Ertzaintzak salaketa jaso eta ikerketa abiarazi du, xede izanik gizonezkoa identifikatzea eta atxilotzea.
Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea
Zorrotzako auzo-elkarteak "eraso bortitz hori" salatu du, eta astelehenean Zorrotzan egingo duten protesta-elkarretaratzera deitu ditu herritarrak. Hitzordua 19:30ean izango da, Azoka parkean.
_____________________________________
Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.