Gizartea -
Euskara
EGA aztertzeko eskatu du Legebiltzarrak
Talde guztiek babestu dute ekimena. Hala, aditu talde batek "egoki" ikusten dituen "hobekuntzak" proposatuko ditu azterketa egoera soziolinguistikora moldatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Lau hilabeteko epean EGA Euskararen Gaitasun Agiriaren probak aztertzeko zeregina izango du aditu talde batek, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek egindako eskaerari jarraiki. Legebiltzarrak aho batez onartu du azterketaren gaur egungo "orientabidea eta edukia" ebaluatu behar dela, euskal egoera soziolinguistikora egokitzeko.
Euskararen proba honen inguruko eztabaida PSEk eraman zuen uztailean Ganberara, 2014ko gainditze tasa txikiarekin arduratuta nonbait ( % 26,48k gainditu zuten).
Taldeek aho batez erabaki dutenez, lau hilabeteko epean egungo proben "orientabidea eta edukia" aztertzeko zeregina jarriko diote Baliokidetzen Jarraipen Batzordeari. EGA ez ezik, gainerako azterketa ofizialak ere ebaluatu beharko ditu batzordeak. Lan horretarako arlo ezberdineko adituak aukeratuko dituzte, Euskara sustatzeko Planaren dekretuak jasotzen duen moduan.
Ebaluazioa bukatuta, batzordeak "egoki" irizten dituen "hobekuntzak" proposatuko ditu azterketa egungo errealitate soziolinguistikora moldatzeko eta "euskararen erabilera soziala zabaltzeko"
Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte batzorde honek egindako proposamen eta ondorioak.