Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Ehunka lagunek salatu dute Elizondon izandako sexu-erasoa

Elkarretaratzea egin dute Elizondon, Nafarroa Oinezen 16 urteko neska bati egin zioten erasoa salatzeko.

Ehunka lagunek salatu dute Elizondoko sexu-erasoa. Argazki: EiTB
Ehunka lagunek salatu dute Elizondoko sexu-erasoa. Argazki: EiTB
Nafarroa Oinezeko ustezko bortxaketa salatzeko konzentrazioa Elizondon

0:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baztan Ikastolak eta Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute 19:00etan, Elizondoko Foruen Plazan, Nafarroa Oinezen izan zen sexu-erasoa salatzeko. Ehunka baztandar elkartu dira bertan. Erasoa gogor gaitzetsi du Ikastolak.

Bestalde, Eguesibarreko Udalak aho batez onartu du igandeko sexu-erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala eta ostegunerako bilkura deitu du, Sarrigurenen.

Udalak azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeria ?mota askotakoa? dela. ?Arazo sozial, publiko eta estruktural batean aurkitzen gara eta, ondorioz, jardunbide aktiboak, integralak eta koordinatuak behar ditugu?, erantsi dute oharrean.

Sexu-erasoa

16 urteko neska batek salatu du bortxatu egin zutela joan den igandean Elizondon, Nafarroa Oinez ikastolen aldeko festan. Ustezko erasotzailea, adin txikiko mutil bat, atxilotu egin zuen igandean bertan Foruzaingoak.

Neskaren familiak Euskadi Irratiari baieztatu dio neska bortxatu egin zutela. Senitartekoen arabera, "kalbarioa" bizitzen ari da neska eta "lur jota" dago.

Ustezko erasotzailea eta neska lehendik ez zirela ezagutzen esan du familiak, Nafarroa Oinez festan ezagutu omen zuten elkar. Neska txiza egitera joan zen sastraka batzuen atzera, eta une horretan ustezko erasotzailea atzetik joan zitzaion eta bortxatu egin zuen. Familiak azaldutakoaren arabera, neska bere burua defendatzen eta laguntza eskatzen saiatu zen, baina mutilak ahoa estali eta bortxatu egin zuen. Ezagun batzuek aurkitu zuten neska sasi artean.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu zuen atzo goizean ustezko erasotzaileak, eta aske utzi zuten. Inputatuta dago, sexu erasoa egitea egotzita.

Salaketa gogorra eta irmoa

Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez, Nafarroa Oinezen sexu-erasoen aurkako protokoloa jarri zuten martxan.

Ustezko sexu-erasoaren berri izan bezain laster, Foruzaingoari abisua eman ziotela azpimarratu du Nafarroako ikastolen arduradunak. "Neska oso urduri joan zen osasun puntura", zehaztu du Reparazek, eta foruzainak bertaratu zirela eta biktima Iruñera eraman zutela azaldu du.

Ustezko sexu-erasoa "gogor eta irmo" gaitzetsi du ikastolen ordezkariak, eta "babesa eta elkartasuna" adierazi die biktimari eta haren senideei. Halaber, "babes plan zorrotza berehala" jarri zutela martxan nabarmendu du Reparazek, eta Foruzaingoaren "erantzun azkarra" eskertu du.

 

_____________________________________________________________

Sexu erasoak salatzeko eta biktimei aholku emateko telefono zenbakia: 699 687 687.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Gaurko albisteak Nafarroan Nafarroa Oinez gaur Albisteak