Gizartea -
Elizondo
Elizondon atxilotutako adingabea inputatu dute sexu erasoa egotzita
Biktimaren familiak baieztatu duenez, 16 urteko neska bortxatu egin zuen. Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu du gaur goizean ustezko erasotzaileak, eta inputatu egin dute.
EITB.EUS
16 urteko neska batek salatu du bortxatu egin zutela joan den igandean Elizondon, Nafarroa Oinez ikastolen aldeko festan. Ustezko erasotzailea, adin txikiko mutil bat, atxilotu egin zuen igandean bertan Foruzaingoak.
Neskaren familiak Euskadi Irratiari baieztatu dio neska bortxatu egin zutela. Senitartekoen arabera, "kalbarioa" bizitzen ari da neska eta "lurjota" dago.
Ustezko erasotzailea eta neska lehendik ez zirela ezagutzen esan du familiak, Nafarroa Oinez festan ezagutu omen zuten elkar. Neska txiza egitera joan zen sastraka batzuen atzera, eta une horretan ustezko erasotzailea atzetik joan zitzaion eta bortxatu egin zuen. Familiak azaldutakoaren arabera, neska bere burua defendatzen eta laguntza eskatzen saiatu zen, baina mutilak ahoa estali eta bortxatu egin zuen. Ezagun batzuek aurkitu zuten neska sasi artean.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturrien arabera, Adingabeen Fiskaltzaren aurrean deklaratu du gaur goizean ustezko erasotzaileak, eta aske utzi dute. Inputatuta dago, sexu erasoa egitea egotzita.
Salaketa gogorra eta irmoa
Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez, Nafarroa Oinezen sexu-erasoen aurkako protokoloa jarri zuten martxan.
Ustezko sexu-erasoaren berri izan bezain laster, Foruzaingoari abisua eman ziotela azpimarratu du Nafarroako ikastolen arduradunak. "Neska oso urduri joan zen osasun puntura", zehaztu du Reparazek, eta foruzainak bertaratu zirela eta biktima Iruñera eraman zutela azaldu du.
Ustezko sexu-erasoa "gogor eta irmo" gaitzetsi du ikastolen ordezkariak, eta "babesa eta elkartasuna" adierazi die biktimari eta haren senideei. Halaber, "babes plan zorrotza berehala" jarri zutela martxan nabarmendu du Reparazek, eta Foruzaingoaren "erantzun azkarra" eskertu du.
Elkarretaratzea
Baztan Ikastolak bilera egin du goizean bertako Udalarekin, egoera aztertzeko. Elkarretaratzea deitu dute, bihar arratsaldeko 19:00etarako, Elizondon. Udalak ezohiko bilkura egingo du, atxikimendua agertzeko. Erasoa gogor gaitzetsi du Ikastolak, eta bihar Foruen Plazan egingo den bilkuran parte hartzeko deia egin du.
_____________________________________________________________
Sexu erasoak salatzeko eta biktimei aholku emateko telefono zenbakia: 699 687 687.