Gizartea -

Baztan Ikastola

Milaka euskaltzale bildu dira Elizondoko Nafarroa Oinezen

Euskarari bultzada emateaz gain, aurtengo Nafarroa Oinezek dirua biltzeko helburu ekonomikoa du, Baztan Ikastolaren bi eraikinak berritzeko lanak egin ahal izateko.

"Hama...bortz, ama...bat" lelopean ospatuko da jaia. Argazkia: EITB
"Hama...bortz, ama...bat" lelopean ospatuko da jaia. Argazkia: EITB
Milaka euskaltzale, Elizondoko Nafarroa Oinez festan

0:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka euskaltzale bildu dira Elizondon, Nafarroako ikastolen aldeko jaia (Nafarroa Oinez) ospatzeko. Aurtengo jaiak "Hama...bortz, ama...bat" leloa dauka, eta Baztan ikastolak antolatu du. Hortaz, 32 urte geroago, Elizondora itzuli da ikastolen jaia eta Euskal Herriko txoko guztietatik joandako milaka euskaltzale biltzea espero dute antolatzaileek.

Baztan osatzen duten 15 herriak eta euskara batzen ditu horrela leloak, "guztiak batera, euskararen alde lanean".

Antolakuntzaren kalkuluen arabera, 100.000 pertsona inguru batu ahal dira gaur Elizondora, 2015eko Nafarroa Oinez ospakizunarekin bat egiteko asmoz. Bat egin dutenen artean, besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidentea eta presidenteordea daude, Uxue Barkos eta Manu Ayerdi, hurrenez hurren; baita Foru Legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez ere.

Horiekin batera beste hauek ere jaiarekin elkartu nahi izan dute: Jose Luis Mendozak (Hezkuntza kontseilaria), Ana Ollok (Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria), Isabel Elizaldek (Toki Administrazioko kontseilaria), Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak eta Adolfo Araiz eta Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileek.

Lau eremu: Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza

Aurten 5,8 kilometroko luzera du ibilbideak, eta lau gune izango ditu Lekarozen, Elizondon eta Elbeten sakabanatuta: Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza.

Ekitaldi aipagarrienen artean, besteak beste, Zea Maysen eta Ohian Vegaren kontzertuak, eta Kalakan edo Los Zopilotes Txirriaosen emanaldiak nabarmendu daitezke.

Gainera, Ikasbira jokoaren bidez euskaltzaleek ibilbidea betetzea nahi dute antolatzaileek. Festa modu osasungarrian sustatzeko kirol ezberdinak uztartuko ditu jokoak. "Guk Euskaraz" ekimenean, "euskaraz sekula abestu duen abesbatzarik handiena" zuzenduko du Urko abeslariak. Bestalde, Baztan ikastolako bederatzi irakasleri omenaldia egingo diete.

Hobekuntzak eraikinetan

Euskarari bultzada emateaz gain, aurtengo Nafarroa Oinezek dirua biltzea du helburu nagusi, Baztan Ikastolaren bi eraikinak berritzeko lanak egin ahal izateko. Haur Eskolako eta Lehen Hezkuntzako eraikinetan hobekuntzak egin nahi dituzte.

Baztan Ikastolak antolatzen duen bigarren Nafarroa Oinez izango da honakoa; izan ere, 1982an ere hartu zuen. Zentroak 45 urte bete ditu aurten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Nafarroan Nafarroa Oinez