Gizartea -

Kronologia

Hodei Egiluzen bilaketak iraundako 28 hilen kronologia

28 hil bila ibili ostean, 2016ko otsailaren 19an baieztatu egin zuten, hil otsailaren 11n Anbereseko Escalda ibaian aurkitutako hilotza Hodei Egiluzena zela.

23 urteko gazte galdakoztarra 2013ko urriaren 19an ikusi zuten azkenekoz. Artxiboko irudia: EFE
23 urteko gazte galdakoztarra 2013ko urriaren 19an ikusi zuten azkenekoz. Artxiboko irudia: EFE
2013ko urriaren 19an Amberesen desagertu zen Hodei Egiluz

1:42

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren astelehenean, urriak 19, bi urte beteko dira Hodei Egiluz gazte galdakoztarra azkenekoz Anberesen (Belgika) ikusi zutenetik eta, geroztik, haren bila ari dira senide eta lagunak.

Kasuari buruzko makina informazio zabaldu da hedabideetan, senideek eta lagunek kasua ahanzturan ez gelditzeko eta Hodei bilatzen jarraitzeko egindako ahaleginetik hasi (kontzentrazioak, karabanak, ekimen kulturalak, bizikleta martxak) eta Hodeiri lapurreta egitea egotzita atxilotutako lagunei buruzko berrietara arte.

Hau da Hodei Egiluz kasuaren kronologia:

2013ko apirila:

Hodei Anberesera (Belgika) joan zen Createlli enpresan praktikak egiteko ingeniari informatiko gisa.

MAM-eko argazkia: hodei-egiluz_

MAM-eko argazkia: hodei-egiluz_

Hodei Egiluz, Belgikako telebistak zabaldutako argazki batean. Argazkia: EiTB

2013ko ekaina:

Enpresak lan-kontratu bat eskaini zion, eta Hodeik Anberesen jarraitzea erabaki zuen.

2013ko urriak 19:

Larunbat goizaldean galdu zen Hodeiren arrastoa lagunekin Anberesen irten ondoren. Gazteak goizaldeko hirurak aldera agurtu zituen lagunak, baina etxera abiatu beharrean aurkako norabidea hartu zuen, kaleko bideokameretako irudiek berretsi zutenez.

2013ko urriak 24:

Belgikako egunkari baten arabera, Hodei azkenezko ikusi zuten gau berean hainbat ezezagunek dirua atera zuten gaztearen kreditu txartela erabilita. Lapurreta jo zuten Hodeiren desagerpenaren hipotesi nagusitzat.

2013ko urriak 29:

Hodei Egiluzen desagerpenarekin lotuta, bi lagun atxilotu zituztela baieztatu zien Belgikako Poliziak Ertzaintzari eta Egiluzen sendiari.

2013ko azaroak 4:

Poliziak hirugarren susmagarri bat -adin txikikoa- atxilotu zuen.

2014ko otsailak 28:

Hodei bilatzeko nazioarteko agindua igorri zuen Interpolek.

hodei egiluz kartela europan zehar iturria: www.hodei-missing.com

hodei egiluz kartela europan zehar iturria: www.hodei-missing.com

2014ko martxoak 16:

Hodei Bila elkarteak manifestazio bat antolatu zuen, Bruselan gazte galdakoztarraren bila jarrai zezatela eskatzeko.

2014ko apirilak 27:

Hodei gogoratzeko ekitaldiak han eta hemen: bost taldek Bizkaiko bost mendi igo zituzten, eta bertatik adarra jo zuten. Segidan, elkarretaratze bat egin zuten Galdakaoko Udalaren aurreko plazan.

2014ko maiatzak 13:

Hodeiren gurasoek semea bizirik aurkitzeko itxaropenari eutsi zioten. "Hor zehar dabilen itxaropena daukagu", ziurtatu zuten gurasoek. Dena den, ikerketa aurrera eramateko bitarteko gehiago eta Hodei bilatzeko herritarren eta lekukoen laguntza eskatu zuten.

MAM-eko argazkia: hodei-egiluz_

MAM-eko argazkia: hodei-egiluz_

Pablo Egiluz, Hodeiren aita. Argazkia: EiTB

2014ko maiatzak 14:

Atxilotutako hiru lagunetatik bik zaintzapean jarraituko zutela jakin zen, Hodeiri objektu pertsonalak lapurtzea egotzita. Hirugarren susmagarria, ostera, aske utzi zuten bermea ordaindu ostean.

2014ko maiatzak 28:

Hodei azkenekoz ikusi zuten goizaldean, 04:30ak aldera, Hodeirekin egon zirela adierazi zuten hiru lekukok. Antza denez, oso beldurtuta zegoen. Hiru gazte horiek ziurtatu zutenaren arabera, Hodeik laguntza eskatu zien, antza, eraso egingo ziotela uste zuelako.

2014ko maiatzak 29:

Euskal Herriko 50 idazle eta bertsolari eskutitzak eta bertsoak bidali zizkieten Belgikako agintariei Hodeiren bila jarrai zezatela eskatzeko. Bestalde, Belgikako telebistak Hodei Egiluzi buruzko erreportaje bat emititu zuen, hain zuzen ere, hura falta dela zazpi hilabete bete ziren egunean.

2014ko ekainak 9:

Deustuko Unibertsitateak Hodeiri buruzko webgune bat sortu zuen, kasuari buruzko informazio eta zabalkunde gune bihurtzeko asmoz.

2014ko ekainak 17:

Jon (We are Standard), Txomin (The Fake Band), Cris (Belako), Josu (Hertzainak), Ager (Audience), Oier Artola, Miguel Moyano eta Gari musikariek 'Zerura begira' izeneko abestia grabatu zuten Hodeiren bilaketari babesa emateko.

2014ko abuztuak 23:

Gazte galdakoztarraren desagerpenari buruzko informazioa biltzeko asmoz, bizikleta martxa batek Belgika eta Herbehereak zeharkatu zituen hainbat egunez. Bizikleta martxa Anberesen amaitu zen, hain zuzen ere, duela 10 hilabete Hodei azkenezkoz ikusi zuten hirian.

2014ko irailak 2:

Hodei Egiluzen auziagatik atxilotutako bi lagun aske gelditu ziren, bermea ordaindu ostean.

2014ko urriak 10:

Hodei Egiluzen desagerpenarekin bat eginez, haren familiak 10.000 euro eskaini zituen gazteari buruzko informazioaren truke.

2014ko urriak 20:

Deustuko Unibertsitateko hainbat ikasle eta irakaslek Hodei Egiluz bertako ikaslearen omenezko elkarretaratzea parte hartu zuten.

2014ko urriak 20:

Ia 1.000 lagun elkartu ziren Galdakaoko Udalaren parean Hodei Egiluz gogoratzeko deitutako elkarretaratzean, gaztearen sendiari babesa emateko.

2014ko urriak 28:

Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea Hodeiren gurasoekin elkartu zen eta hura bilatzeko "bitarteko guztiak" eskaini zizkien. Halaber, familiari elkartasuna adierazteko adierazpen instituzionala onartu zuen Senatuak.

2014ko azaroak 11:

Baskoniako eta Izar Gorriko saskibaloi jokalariek Hodeiren argazkia zeraman kamiseta erakutsi zuten partida batean. Gaztearen bilaketa bizirik mantentzea zen ekimenaren helburua.

2014ko abenduak 16:

Hodeiren aldeko elkartasun karabana Galdakaora itzuli zen, Hodeiren desagerpenaren berri emateko eta herritarren kolaborazioa eskatzeko Europan barrena zeharkaldia egin ondoren.

2015eko irailak 3:

BBCk Hodei Egiluzi buruzko erreportaje bat eskaini zuen gazte galdakoztarra falta zela gogoratzeko eta kasua ahanzturan ez erortzeko.

2015eko urriak 1:

Koro Diaz Hodeiren amak eskutitz hunkigarria idatzi zion semeari: "Hodei ez dakit non zauden, baina badakit aurkitzen zaitudan eguna zoragarria izango dela. Eutsi, aurkituko zaitut".

 

Hodei Egiluz amaren gutuna Facebook Hodei Missing

Hodei Egiluz amaren gutuna Facebook Hodei Missing

2015eko urriak 13:

Anbereseko fiskaltzak itxi egin zuen Hodei Egiluzen desagerpenari buruzko ikerketa, eta ustezko erasotzaileak lapurreta egitea eta iruzur saiakera edo delituak estaltzea egotzita auzipetzea eskatu zion Fiskaltzak epaileari.

"Honek ez du esan nahi Fiskaltzak Hodei Egiluz bilatzeari utziko dionik; [gaztea] bilatzeko edozein aukera eta edozein aztarna erabilgarri ikertu egingo dugu", adierazi zuen Fiskaltzak.

2015eko urriak 17:

Hodeiren desagerpenaren bigarren urteurrenaren bezperatan, Hodei Bila elkartea bidaia bat antolatu zuen Belgikara Anbereseko Udalaren parean 12:00etan elkarretaratzea egiteko.

Gero, beste kontzentrazio bat egin zuten Koolkai izeneko tokian, Hodei azkenekoz ikusi zuten gunean.

2015eko urriak 18:

Hodei Egiluzen senide eta lagunak Bruselara joan ziren gaztearen kartelak jartzeko eta haren desagerpenari buruzko informazioa zabaltzeko.

2015eko urriak 19:

Bi urte bete ziren Hodei Egiluz azkenezkoz ikusi zutenetik, eta haren senide eta lagunek kontzentrazioa egin zuten Bruselako Luxenburgo plazan. Halaber, desagertutako pertsonei buruzko Europako protokoloa izenburupean Europako Parlamentuan egin zen jardunaldian parte hartzeko asmoa zuten.

2016ko otsailak 11:

Gorputz bat atzeman zuten Anbereseko ibaian.

Amberes EITB

Amberes EITB

2016ko otsailak 12:

Belgikako Poliziak Hodei Egiluzen familiari jakinarazi zion Anbereseko Eskalda ibaian hilotz bat aurkitu zutela, eta ikertzen ari zirela desagertutako gazte galdakoztarra izan zitekeen. Helburu horrekin DNA probak egin behar zitzaizkion.

2016ko otsailak 14:

Hodeiren gurasoak Bruselara joan ziren, astean zehar espero baitzen baieztatzea ala ezeztatzea aurkitutako hilotza Hodeirena zen ala ez.

Bidaiaren hasiera bateko helburua Child focus gobernuz kanpoko erakundearen proiektu baten aurkezpenean parte hartzea zen. Erakunde horrek  desagertutako gazte eta umeen senitartekoak bilatzeaz arduratzen da.

2016ko otsailak 16:

Galdakaoko alkatea Belgikara joan zen Hodeiren gurasoei babesa emateko, eta ikerketaren gaineko informazioak ematerakoan "errespetuz eta zuhurtziaz" jokatzea eskatu zuen.

2016ko otsailak 19:

Baieztatu egin dute Anbereseko Escalda errekan aurkitutako gorputza Hodeirena dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao berriak Hodei Egiluz