Gizartea -
Polemika
Alkatearen kontrako oihuak, Alonsotegiko udalbatzarrean
Plaza baten eraberritze lanak ordaintzera behartutako hainbat bizilagun sutan jarri dira alkateak konponbiderako proposamenik egin ez duenean, hala egingo zuela agindu zuen arren.
agentziak | erredakzioa
Alonsotegiko Errota kaleko bizilagunak milioi bat euro ordaintzera behartu dituzte, plaza baten eraberritzeagatik. EAJren udal-gobernuak uko egin dio behin-behinean ordainketa gelditzea eskatzeari eta alkateak duela astebete agindutako konponbiderako proposamena aurkeztu ez duenez, osoko bilkura jarraitzen ari ziren bizilagunak oihuka eta protestaka hasi dira.
Madinabeitia Doktorearen plazaren urbanizazioak eragindako kostea bere gain hartu behar dutela jakinaraziz oharra bidali die Udalak Errotako kaleko bizilagunei eta auzo horretan lokalak eta garajeak dituzten jabeei.
Eraberritze plan horren arabera, 72 etxebizitza eraiki behar ziren Errota kalean, baina egitasmoa gauzatu behar zuen Basaldi S.L. enpresa-sustatzaileak porrot egin zuen 2011n eta, ondorioz, bizilagunak dira zorraren erantzule subsidiarioak.
EAJk ordainketa gelditzea baztertu du
EH Bilduk mozio bat aurkeztu du arratsalde honetako bilkuran, bizilagunei esleitutako ordainketak “behin-behinean gelditzeko” eskatuz. Alabaina, EAJko zinegotziek kontra bozkatu dute eta, beraz, adierazpena bertan behera geratu da.
Oneko Zaballa EAJren bozeramaileak bere alderdiaren jarrera defendatu du: “Likidazioak bertan behera utzita, prebarikazio delitua izan daiteke eta, epai baten ondorioz, Udalak behartuta dago bizilagunei ordain dezatela eskatzera”.
Duela astebete bizilagunekin egindako bilera batean Joseba Urbieta Alonsotegiko alkateak gaur konponbide bat aurkezteko konpromisoa hartu zuela eta, EH Bilduk irtenbide hori zein den esateko exijitu dio.
Alkateak erantzun du bere udal-gobernua “teknikari legalekin lanean” ari dela, Errotako kaleko auzokideei konponbide bat eskaintzeko asmoz.
Bizilagunen haserrea
EH Bilduren mozioa bozkatu ostean, EAJren bozeramaileak hartu du hitza, baina aretoan elkartutako herritarrak oihuka hasi dira, jeltzaleei “lotsagabeak” eta “gezurti” deituta. Iskanbilaren ondorioz, bilkura amaitutzat eman behar izan du alkateak.
Jarraian, bizilagunek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean eta “Urkullu begira, lapurtzen ari dira” bezalako leloak oihukatu dituzte; izan ere, Alonsotegi lehendakariaren jaioterria da.
EAJko zinegotzi baten aurka ere egin dute, udaletxetik atera denean, eta zenbait lagunek alkatearen dimisioa eskatu dute.
Kaltetutako herritarrek “engainatuta” sentitzen direla azpimarratu dute. “Udal-gobernu honek eskaintzen digun soluzio bakarra bankuekin hitzegingo dutela da, kredituak eman diezazkiguten, gero guk zorra ordaindu ahal izateko”, deitoratu dute.
Ildo horretan, gogora ekarri dute bizilagun batzuek urriaren 2an jaso zutela likidazioaren berri ematen duten gutuna eta, ondorioz, bi aste baino ez dituztela eskatutako ordaintzeko edo helegite bat aurkezteko.
Gainera, Udalak argudio moduan erabilitako ebazpenak ez dituela herritarrak ordainketa egitera behartzen nabarmendu nahi izan dute eta Iñigo Urkullu lehendakariari Alonsotegira joateko gonbita luzatu diote, “gertatzen ari dena bertatik bertara ikus dezan”.
Asier Intxausti EH Bilduko zinegotziak Errotako auzokideei “iruzurra” egin dietela eta EAJren udal-gobernuaren jarrera “patetikoa” dela salatu du.
Bilkuraren ostean publiko egindako agiri batean, EAJk esan du premiazko mozio bat prestatuta zeukala, baina ezinezkoa izan dela eztabaidatzea, protesten ondorioz batzarra bertan behera geratu delako.
Testu horretan, bizilagunen arazoa konpontzeko “alternatiba judizialak eta estrajudizial bideragarriak eta legalak” bilatzeko konpromisoa hartzen duela dio.