Gizartea -
Errefuxiatuen krisia
Nafarroak gaurtik aurrera hartuko ditu lehen errefuxiatuak
Ceutan eta Melillan asiloa eskatu duten 16 siriar dira. Nafarroako Gobernuak eskaini dizkien hiru etxebizitzatan biziko dira.
EITB.EUS
Nafarroan gaurtik aurrera espero dituzte gatazkan dauden guneetatik, batez ere Siriatik, ihesi joandako lagunak. Iristen lehenak Ceutako eta Melillako harrera zentroetan zeuden 16 siriar dira.
Espainiako Gobernuak eta Gurutze Gorriak adostutako akordioaren baitan egingo dute lekualdatzea. Nafarroako Gobernuak hiru etxebizitza eskaini dizkie, eta osasun, hezkuntza eta gizarte alorrean dituzten beharrizanak aseko ditu. Gurutze Gorriak hartuko du bere gain errefuxiatuen ardura.
Bien bitartean, Nafarroara hel daitezkeen errefuxiatuak hartzeko plana prestatzen jarraitzen du Barkosek zuzentzen duen gobernuak. Hala, udalekin, gizarte eragileekin eta lagundu nahi duten herritarrekin lanean jarraituko du. Izan ere, asko dira errefuxiatuen auzian laguntzeko prest dauden herritarrak. Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak asteazkenean egindako prentsaurreko batean esan zuenez, orain arte 304 telefono-dei jaso dituzte. Etxebizitza hutsak (48), logelak (123) eta bestelako zerbitzuak (42 itzultzaile) eskaini dituzte herritarrok.
Errefuxiatuak hartzeko egitasmoan lagundu nahi duten nafarrek telefono zenbaki hauetara deitu dezakete (948 012 012 eta 012) edo navarra@navarra.es helbide elektronikora idatzi.
Olloren esanetan, Gema Mañu Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia Madrilen izango da urriaren 28an, errefuxiatuei harrera egiteko modua aztertzeko bilera batean. Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak deituta, erkidego guztietako ordezkariak izango dira bertan.
Batzarrean, errefuxiatuen harrera bideratzeko izapideak azkartu eta datak eta diru-laguntzak zehazteko eskatuko du Nafarroak.