Gizartea -

Aitzindariak Estatuan

Emakume Nekazariaren Estatutua aho batez onartu du Legebiltzarrak

Ez dago antzeko araurik Espainia osoan, nahiz eta Europako legediak aurrera ateratzeko gomendioa eman. Berdintasuna lortzeko “aurrerapausoa” eman dutela ziurtatu du Tapiak.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Emakume nekazariaren Estatutua abian da Euskadin

2:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume Nekazariaren Estatutua aho batez onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Nekazaritza sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna gauzatu nahi du arauak. Emakume Baserritarraren Nazioarteko Egunarekin bat egin du legearen onarpenak.

Arauaren garrantzia goraipatu du Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak Gasteizko Ganberan. Lege “aitzindaria” dela nabarmendu du sailburuak; izan ere, ez dago antzeko araurik Espainia osoan, nahiz eta Europako legediak aurrera ateratzeko gomendioa eman.

Tapia “pozik” agertu da. Sailburuaren hitzetan, baserri-giroan berdintasuna lortzeko “aurrerapauso” bat eman dute, baina oraindik egiteko lan asko dagoela onartu du.

Gizarte Segurantza

Besteak beste, Gizarte Segurantzan emakume baserritarren afiliaziorako diru-laguntzak sortzea posible izango da aurrerantzean.

Gainera, emakumeak dagoeneko lanean ari diren nekazaritza-ustiategien jabeak izatea bultzatu nahi dute. Horrela, jabego partekatua sustatzeko, emakumeek lehentasuna izango dute diru-laguntzak jasotzeko orduan.

Emakumeen presentzia, erabaki esparruetan

Era berean, nekazaritza sektoreko erabaki esparruetan emakumeen presentzia bermatu nahi du legeak. Horrela, sektoreko erakundeek lau urte izango dituzte emakumearen presentzia areagotzeko. Berdintasunaren Legeak ezartzen duen gutxieneko ordezkaritza (% 40) bermatu beharko dute.

Eva Lopez de Arroyabe eta Teresa Guerra emakume baserritarren kolektiboko ordezkariek Tapiarekin batera agerraldia egin dute. Araudia “aldarrikapen historiko” bat dela esan dute biek. Lopez de Arroyaberen eta Gurrearen ahotan, legea betetzea eta arauari aurrekontu-sail bat ematea “begiratuko” dute orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE Eguneko albisteak