Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Bigarrenez epaituko dute gaurtik aurrera Bonnemaison medikua
Paueko Auzitegiak ekainean absolbitu zuen hazpandarra zazpi gaixo pozoitu eta haien heriotza eragin izanagatik. Fiskaltzak helegitea aurkeztuta, bigarrenez epaituko dute.
EITB.EUS
Nicolas Bonnemaison Baionako ospitale publikoko mediku ohia bigarrenez epaituko dute gaurtik aurrera hilaurren ziren zazpi gaixo pozoitu eta haien heriotza eragin izana leporatuta.
Ekainean absolbitu egin zuen Paueko Auzitegiak, baina Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuenez, bigarren aldiz egingo dute epaiketa, oraingo honetan, Angerseko (Maine-et-Loire Departamendua) Krimen Auzitegian.
60 bat lekukok deklaratuko dute. Parte zibil gisa aurkeztutako zazpi familietako batek, Iramuno familiak, zigorra espero zuen aurreko epaiketan. Haren abokatuak salatu duenez, Bonnemaison ez zen haiekin harremanetan jarri ama hil baino lehen eta "komunikabideen bitartez" jakin zuten auzia. Medikuaren babes taldeen aburuz, ordea, "beste auzi hau ulergaitza da. Bonnemaisonen aurkako jazarpena da; nik errugabetzea besterik ez dut espero", esan dio Euskadi Irratiari Patricia Dhoogue Fernand Dhooge medikuaren laguntzarekin hildako gizonaren alargunak.
Aurreko auzitik absolbituta egon arren, medikuntza debekatua du Bonnemaisonek, Baionako Ospitalean administrazio lanetan ari da. Irailean utzi zuen behin behinekoz lan hori epaiketa prestatzeko.