Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideei erasotzeagatik

Biktimak osasun zentro batean artatu behar izan dituzte. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi gizonezko atxilotu dituzte asteburu honetan Gasteizen, bikotekideei erasotzeagatik. 21 eta 26 urtekoak dira atzemandakoak.

Lehen erasoa larunbatean jazo zen, 09:00etan. Ordu horretan, Udaltzaingoak 21 urteko mutil bat atxilotu zuen, Andagoia plazan.

Biktimak ez zuen salaketarik jarri nahi izan, baina poliziek egiaztatu zuten neskak kolpe bat zuela aurpegian. Gainera, hainbat lekukok erasoa ikusi zuten. Horrenbestez, agenteek atxilotuta eraman zuten erasotzailea, eta emakumea osasun zentro batera eraman zuten.

Bestalde, igandean, 17:40an, 26 urteko gizon bat atzeman zuten, Tomas Zumarraga kalean. Lekuko baten esanetan, mutilak listua bota zion bikotekideari, eta eraso egin zion. Antza denez, iraganean ere hainbatetan eraso dio. Gizona atxilotu egin zuten, eta emakumea osasun zentro batera eraman zuten.

Ez dira izan azken egunetako indarkeria matxista auzi bakarrak; astelehen honetan bertan, gizon batek bikotekidea hil du Erandion (Bizkaia).

 

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Euskal Autonomia Erkidegoa Araba Euskaraz 2024 Gasteiz Eguneko albisteak