Gizartea -

genero indarkeria

Emakume bat hil dute Erandion

39 urteko emakume bilbotarra bikotekidearen etxean aurkitu dute hilotz, indarkeria zantzuekin. Gizonaren bila ari da Ertzaintza.

Erandion hildako emakumearen mutil-lagunaren bila ari da Ertzaintza

0:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

39 urteko emakume bilbotar baten gorpua topatu dute Erandion, indarkeria zantzuekin, eta indarkeria sexistaren kasu bat dela baieztatu dute bai Emakundek bai Joseba Goikouria herriko alkateak. Gorpua bikotekideak Erandion duen etxebizitzan aurkitu dute, eta gizonezkoaren bila ari da orain Ertzaintza, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Goizaldean aurkitu dute gorpua, Mezo kaleko etxebizitza batean. 39 urteko emakumea Bilbon bizi zen, eta larunbatetik desagertuta zegoela salatu zuen haren senitarteko batek igandean. Salaketaren arabera, larunbat arratsaldetik falta zen etxetik.

Hain justu, bilatzeari ekin eta berehala aurkitu dute emakumearen gorpua, eta horren bikotekidearen bila ari da orain Ertzaintza. Nonbait, autoan ihes egin du gizonezkoak.

Segurtasun Sailaren arabera, biktimak ez zuen bikotekidearen kontrako salaketarik jarrita.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, bestalde, "genero indarkeria kasua" izan dela esan du.

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat adostu du arratsalde honetan, krimena gaitzesteko.

Agiri horretan, Juan Mari Aburto alkateak eta EAJko, EH Bilduko, PSEko, PPko, Udalberriko eta Goazen Bilbaoko bozeramaileek "samina eta ezin ulertua" adierazi diete biktimaren senideei eta lagunei.

"Heriotza hau indarkeri matxistaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira", ohartarazi dute.

Bilboko eta Erandioko udalek hilketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute biharko (13:00etan).

Bestalde, Aldundiak "arbuio irmoa" agertu du, eta emakumeen kontrako erasoen aurrean, erakundeek "funtsezko zeregina" dutela adierazi du.

Agiri batean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak nabarmendu du "matxismoaren abusuen aurka esparru guztietan" egin behar dela borroka, "bai pribatuan, bai publikoan".

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Erandio