Gizartea -
Right Livelihood Award
Inuiten aldeko borroka eta Marshall uharteak, 'Nobel alternatibo'
Lau dira saritutakoak: Sheila Watt-Cloutier kanadarra, Kasha Jacqueline Nabagesera ugandarra, Gino Strada italiarra eta Ozeano Barean dauden uharteetako herritarrak.
Agentziak | Erredakzioa
Right Livelihood Award fundazioak Nobel sarien alternatiba gisa ezagutzen diren golardoen saridunak ezagutarazi ditu gaur. Lau dira: Sheila Watt-Cloutier kanadarra, Kasha Jacqueline Nabagesera ugandarra, Gino Strada italiarra eta Ozeano Barean dauden uharteen herritarrak.
Watt-Cloutier kanadarrak Artikoan bizi diren inuiten bizimodua babesteko egindako lana saritu nahi izan du epaimahaiak, baita Nabagesera ugandarrak herrialde horretako homosexualen alde egin izana ere, eta Strada italiarrak gerran dauden guneetan emandako laguntza medikoa ere nabarmentzeko modukoa dela uste dute Nobel alternatiboaren epaimahaiko kideek. Hiru milioi koroa suediarreko saria (319.000 bat euro) banatu beharko dute hirurek.
Epaimahaiak Stockholmen egindako agerraldian azaldu duenez, Watt-Clouterrek "bizitza osoa darama Artikoko inuitak babesten, haien bizimoduari eta kulturari eusteko borrokan". Nabageserari dagokionez, Ugandan "gay eta lesbianen eskubideen alde egindako lana" goraipatu dute, baita "indarkeriaren eta beldurraren aurrean erakutsitako ausardia eta tinkotasuna" ere. Gino Strada Emergency gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak agertutako "gizatasuna eta gatazketako biktimei emandako arreta eta laguntza medikoa" txalotu du epaimahaiak, eta "gatazken jatorria beldur barik salatu du", erantsi du.
Horrez gain, ohorezko sari bat eman diete Marshall uharteetako herritarrei eta Tony de Brum Atzerri ministroari nuklearren kontra egindako lanagatik.
Jakob von Uexkull suediar eurodiputatuak asmatu zituen sariok, 1980an, eta mundu osoko pertsona eta erakundeek egindako "gizarte lana" goraipatzea dute helburu. 2015eko saridunei azaroaren 30ean emango diete golardoa, Suediako Parlamentuan egingo duten ekitaldi batean.