Gizartea -

Donostia 2016

Bisitarien harrera hobetzeko plan bat abiatu du Donostiako Udalak

Hainbat ekimen eta ikastaro antolatuko dituzte, hiritarrei eta hainbat sektoretako profesionalei zuzenduta.

Eneko Goia Donostiako alkatea. EiTB
Eneko Goia Donostiako alkatea. EiTB
Eneko Goia Donostiako alkatea. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak Harrera Plan bat prestatu du, herritarrek eta hainbat sektoretako profesionalek turistei harrera hobea emateko prestakuntza eta ezagutzak jaso ditzaten, 2016ko Kultur Hiriburura begira.

Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, "guztion ardura da 2016ak suposatzen duen aukera aprobetxatzeko eta gai izateko segidako legatua uzteko: etorkizunean bisitatzen gaituztenei harrera bikaina egiten jarraitzeko gai izatea". Horrekin batera, Ernesto Gasco Turismo zinegotzia eta Pablo Berastegui DSS2016 proiektuko zuzendaria ere egon dira agerraldian.

Horien esanetan, hainbat ekimen abiatuko dituzte Harrera Planaren baitan; adibidez, mugikortasun sostengarrirako plan bat diseinatzea, "hirira nola iritsi eta hirian nola mugitu lehentasunetako bat izango baita".

Halaber, beste bi informazio bulego jarriko dituzte, autobus geltokian eta Alderdi Ederren.

Beste helburuetako bat izango da enpresen eta eragileen lehiakortasuna hobetzea, hau da, "herritarren eta alor turistikoan diharduten sektoreen jarrera positiboa eta adeitsua bultzatzea; hiri irekiago eta prestatuago bat egitea; eta ahalik eta hobekien aprobetxatzea Europako Kultur Hiriburu izateak dakartzan aukerak".

Zeregin horretarako, hizkuntza ikastaroak (euskara, frantsesa eta ingelesa) eskainiko dizkiete jendaurrean lan egiten duten udal langileei. Hiritarrei eta hainbat sektoretako profesionalei (ostalaritza, merkataritza, zerbitzu publiko, garraio eta aisia) ere aurrez aurreko prestakuntza emango diete.

Bestalde, on line prestakuntza programa bat ere jarriko dute eskura. Abentura jolas bat izango da, eta, horretan, erabiltzaileak prestakuntza pilulak jasoko ditu.

Udalaren helburua da hiritarrek eta profesionalek "jakinduria eta trebetasunak bereganatzea, bisitariei harrera hobeto egiten laguntzeko". Hala, beti borondatez jardunda, zalantzak argitu litzakete, toki interesgarriak gomendatu, programazioa jaso, orientabideak eskaini, aribideak eman eta abar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia Albisteak Gipuzkoa Donostia 2016 argazkiak EAE Azken kultur albisteak Gaurko azken ordukoa