Gizartea -

Emakunde

2.500 ikasle berdintasunean heziko ditu Nahiko programak 2017ra arte

Lehen Hezkuntzako beste 39 ikastetxe batuko dira Emakunderen ekimenera. Nahikok berdintasunean heztea eta genero indarkeriari aurrea hartzea du helburu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ra arte, EAEko 2.569 ikaslek hartuko dute parte sexuen arteko berdintasunean hezi eta emakumeen kontrako indarkeriari aurrea hartzea helburu duen Nahiko programa.

2015-2017 aldirako Emakundek prestatutako hezkuntza programaren nondik norakoak azaldu dizkie gaur Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Institutuko zuzendariak Gasteizen (Lakuan) bildutako irakasleei.

Landaidak argitu duenez, beste 39 ikastetxe batuko dira ekimenera. Horrenbestez, guztira EAEko Lehen Hezkuntzako 2.569 ikaslek parte hartuko dute bertan: 783, lehen ziklokoak; 862, bigarrenekoak; eta 924, hirugarrenekoak.

Emakunderen zuzendariaren aburuz, programak errespetua du oinarri, eta berdintasuna eta indarkeriari arbuioa aldarrikatzea du helburu. Umeek indarkeria eta tratu txarrak matxismoarekin lotzea da gakoa.

Nahiko programa ez da aldi baterako kanpaina, Landaidaren hitzetan, ikasleen, irakasleen eta gurasoen aldetik "denbora, dedikazioa eta inplikazioa" eskatzen duelako eta aurreko programek utzitako emaitzek datu onak utzi dituztelako.

12 urteko ibilbide oparoa

2003tik ari da Emakunde programa hau garatzen, eta 152 ikastetxek eta 9.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute 12 urte hauetan.

Adin tarte bakoitzaren arabera prestatutako material ludikoa eta jolasak erabilita, indarkeriarik gabeko harremanak eta jarrera berdinzaleak garatzen laguntzen diete adingabeei.

Urte hauetan programari egin dizkioten kanpoko ebaluazioetan agerian geratu denez, Nahikori esker, adingabeek hobeto eta azkarrago atzeman dituzte genero estereotipoak, eta berdintasuna aldarrikatu eta etxeko lanak banatzearen beharra azpimarratu eta sexuen arteko enpatia maila handitu dute, batez ere mutilek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Emakunde argazkiak