Gizartea -

Gertakaria

Ume bat larri zauritu da Urretxun, atrakzio batetik erorita

Lau urteko neskatoa Donostiako Ospitalera eraman dute. Larri dago, zainketa intentsiboetako unitatean.

Ezbeharra Urretxuko festetako atrakzio-gunean jazo da. Argazkia: eitb.eus
Ezbeharra Urretxuko festetako atrakzio-gunean jazo da.
Ezbeharra Urretxuko festetako atrakzio-gunean jazo da. Argazkia: eitb.eus

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau urteko neskatila bat zauritu da arratsalde honetan Urretxun atrakzio batetik airean atera eta horma baten aurka kolpea hartuta, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez.

Urretxun Santa Anastasia festak ari dira ospatzen egunotan, eta istripua jaietako atrakzio-gunean gertatu da, 17:00ak inguruan.

Ezbeharraren tokira Ertzaintza eta osasun zerbitzuetako langileak bertaratu dira, eta haurra Donostiako Ospitalera eraman dute.

Neskatila zainketa intentsiboetako unitatean dago eta haren egoera larria da, Osakidetzak azaldu duenez.

Urretxuko Udalak atrakzio-gunea ixteko agindua eman du.

Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da. Nolanahi ere, lehendabiziko ikuskapenaren arabera, “ez da akats teknikorik izan”.

Urretxuko Udalak eta festak antolatzen dituzten taldeek oharra kaleratu dute, zauritutako neskatoa ahalik eta azkarren sendatuko denaren itxaropena agertuz eta “Naiararen familiari une zail honetan babesa” helaraziz.

Udalak jakinarazi du lehendabiziko ikuskapenean ez dela inolako “akats teknikorik” topatu atrakzioan eta ikerketa “bere bidetik” doala.

Gertakariak herrian izan duen eragina aintzat hartuta, gaurko aurreikusita zeuden ekitaldiak bertan behera uztea erabaki dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Urretxu