Gizartea -
Donostia
Erraustegiaren aurkako giza katea egin dute Kontxako hondartzan
Halaber, Erraustearen Aurkako Gipuzkoako Koordinakundeak iragarri duenez, erraustegiaren inguruko herri-galdeketa sustatuko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
300 bat herritarrek erraustegiaren kontrako giza katean parte hartu dute igande honetan Donostian. Ekimena Kontxako hondartzan egin dute, Kontxako Bandera arraun-lehiaketaren harian.
Halaber, Erraustearen Aurkako Gipuzkoako Koordinakundeko bozeramaile Maria Luisa Sanchezek iragarri duenez, erraustegiaren proiektuari egindako oposizioa areagotuko dute, eta azpiegitura horren inguruko herri-galdeketa sustatuko dute.
Igandeko protesta horretan hainbat ordezkari politiko izan dira, tartean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia, Jon Albizu Gipuzkoako batzarkidea (EH Bildu), eta Arantza Gonzalez Ezker Anitzeko ordezkaria. Gainera, hainbat mugimendu ekologistek ere parte hartu dute, hala nola, Eguzkik, Ekologistak Martxan taldeak, Zero Zaborrak eta Greenpeacek. Parte-hartzaileek erraustegiaren aurkako kartelak erakutsi dituzte.
Europa Pressi eskainitako adierazpenetan Sanchezek adierazi duenez, 11 urte daramatzate proiektu horri oposizioa erakusten, "isuri kutsakorrak ekarriko dituelako, eta herritarren osasunerako arriskua dakarrelako".
Zubietako erraustegiaren eraikitzea bertan behera utzi zutenetik, "bi urteko lasaitasuna lortu genuen", esan du Sanchezek, baina EAJk eta PSE-EEk osatutako Gobernu berriak proiektuari berriro ekin dio, "bizkortze handiarekin, gainera".