Gizartea -
Legearen aldaketa
Abortuaren erreforma behin betiko onartu du Senatuak
Horrenbestez, aurrerantzean adingabeek ezingo dute gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eten. PPko senatari batzuek boto diziplina hautsi dute.
Agentziak | Erredakzioa
PPk bultzatutako abortuaren erreforma behin betiko onartu du Senatuak. Oposizioaren gehiengoa kontra eduki du erreformak, baita PPren boto diziplina hautsi duten hainbat senatari ere.
Lau ordu baino gehiagoko eztabaidaren ondotik, 23:15ean egin dute bozketa. 145 senatarik aldeko botoa eman dute (PPkoak gehienak, Unioko bi eta Convergenciako bat) eta 89k, kontrakoa. Bozketan, bost abstentzio izan dira.
PPko hiru senatarik aurkako botoa eman dute. Angel Pintado, Gari Duran eta Jose Ignacio Palacios PPko senatariek erreformaren aurkako botoa eman dute talde parlamentarioaren diziplina hautsiz. Alderdi Popularraren iturriek jakinarazi dutenez, Senatuan alderdiak duen zuzendaritzaren batzordeak erabakiko du senatari horiei isuna jarri edo ez.
Gainera, PPko beste hiru senatarik ez dute bozketan parte hartu, ekimenari babesa eman behar izatea saihesteko. Ana Tormek boto zuria eman du. Amelia Salanueva UPNko ordezkariak ere kontrako botoa eman du.
Senatuaren tramitea gaindituta, PPren buruhausteetako bat bukatu da. Bide luzea egin du, Espainiako Gobernuak Alberto Ruiz Gallardonek proposatutako erreforma murriztailea atzera bota eta ministroa bera kargutik kentzeraino. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean erreforma.
Gurasoen baimena, nahitaezko
Aurrerantzean, bada, 16 urteak beteta dituzten adingabeek gurasoen edo legezko tutoreen baimena beharko dute. Baimenik gabe, ezingo du haurdunaldia eten, eta epailearengana jo behar du auzia erabaki dezan.
Oposizioak "desegoki, atzerakoi eta ez beharrezkotzat" jo du aldaketa, eta "gazteen bizitzaren kontrakoa" dela salatu du. PPren arabera, ordea, adingabeak babestu beste asmorik ez du erreformak.
Eztabaidan, Femen taldeko ekintzaile bat ganberan sartu da protesta egiteko. Bularraldea agerian eta barruko arropa gorriz pintatuta zuela, "ez dut nik erabakitzen" oihukatzen hasi da. Senatuko segurtasuneko kideek atera dute ganberatik, "abortatzeko askatasuna" eta "nire gorputza, nire arauak" oihukatzen zuen bitartean.