Gizartea -

2015-2016 ikasturtea

370.000 ikaslek egin dute aurrematrikula EAEn, % 0,24 gehiagok

Uriarte sailburuak iragarri du hilabete honetan bertan jarriko dituela abian bilerak eragile politikoekin, sindikalekin, sozialekin eta hezkuntzakoekin Euskal Hezkuntza Legeaz hitz egiteko.

Uriarte, Amara Berriko ikasleekin. Argazkia: Efe
Uriarte, Amara Berriko ikasleekin.
370.000 ikasle izango dira gure eskoletan ikasturte honetan

1:21

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

370.000 ikasle aurrematrikulatu dituzte EAEn 2015-2016 ikasturterako, eta aurrekoan baino 883 ikasle gehiagorekin, % 0,24ko igoera izan da aurreko urtearen aldean, "nahiz eta 0-2 urte arteko umeen matrikulazioa % 3,11 murriztu".

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Donostiako Amara Berri haur eta lehen hezkuntza zentroan emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, Lanbide Heziketan "% 1,8ko beherakada" izan da, eta "espero zen, egoera ekonomikoak eta enpresen jarduerak gora" egin duelako, baina epea amaitzen denean "hazkundea" izango omen da.

Hizkuntza ereduei dagokienez, D eredua da "alde handiarekin gehien aukeratzen dutena", % 77,1ek aukeratzen baitu ikasten hasten direnen artean, aurreko urtean baino "zortzi hamarren gehiagok", eta haur hezkuntzan hasten direnen "% 4,2k soilik hautatzen du A eredua".

Era berean, Uriartek azpimarratu du aurreko ikasturtean 126.000 ikaslek eskuratu zutela unibertsitatez kanpoko bekaren bat, aurreko urtean baino 1.400 gehiagok, eta "inoiz baino gehiagok". Horren harira, Jaurlaritzak beketara 54 milioi euro bideratuko dituela gogorarazi du.

LOMCE

LOMCEri dagokionez, Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuaren "eskuhartzearen" kontra dagoela berretsi du, eta argi adierazi du "guardian" egongo direla "egin dezaketen kaltea aintzat hartu gabe euren interesak eta ikuspegia inposatu nahi dutenen aurrean". "Gure erabateko errefusa agertzen jarraituko dugu" esan du sailburuak.

Sailburuak nahiago omen du Heziberri 2020 egitasmoan zentratu, euskal hezkuntza sistema hobetzearen aldeko apustuan, "bereizketa goiztiarra" saihestuz, EAEn "kurrikuluma komuna delako DBHren lehenengo lau urteetan" eta gero "16 urtetik aurrera Batxilergora edo Lanbide Heziketara jotzea erabaki daiteke, eta ez lehenago, batzuek nahi duten moduan".

Euskal Hezkuntza legea

Uriartek uste du "aurrera egiteko unea" dela Euskal Hezkuntza Legea lortzeko bidean eta, horren harira, "eragile guztiekin elkarrizketa prozesua" abiatuko duela iragarri du.

Hilabete honetan bertan "aldebiko" bilerak egingo omen ditu eragile sozial, sindikal, politiko eta hezkuntzakoekin dituzten proposamenak "entzuteko", eta "guztien artean" lege berriaren "oinarriak" adosteko. Hala ere, legegintzaldi honetan ez dela legea indarrean jartzeko aukerarik izango aitortu du.

"Gure helburua akordio batera iristea izango da, euskal hezkuntza sistemari koherentzia eta egonkortasuna emateko, Euskal Hezkuntza Legea helburu", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea