Gizartea -
Eskolara buelta
Ikasturte berria hasi dute EAEko haurrek, LOMCE 'arindu' baten menpe
Nafarroan, ostegunean ekingo diote. Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ikasleei bakarrik egingo dizkiete azterketak, Hezkuntza ministroak DBHko eta Batxilergokoak atzeratu baititu.
EITB.EUS
EAEko 360.000 ikaslek lehen eskola eguna dute gaurkoa. Joan den astean Ipar Euskal Herrian gertatu zen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe gehienetan astearte honetan hasiko da ikasturte berria. Nafarroan, berriz, ostegunean ekingo diete eskolei.
Aurtengoa ere, LOMCE legeak markatuko duen ikasturtea izango da, baina lehen asmoen gainean aldaketak adostuta emango zaio hasiera 2015-2016 ikasturteari. Erkidegoen presioen aurrean amore emanda, Espainiako Hezkuntza Ministerioak ez ditu indarrean jarriko DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarrenean egitekoak zituzten errebalida azterketak.
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza ministroak azaldutakoaren arabera, DBH eta Batxilergo bukaerako ebaluazioak 2017-2018 ikasturtean sartuko dira indarrean. Oraingoz, beraz, Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta 6. mailako haurrei egingo dizkiete azterketak. Jaurlaritzaren arabera, ebaluazio diagnostiko horiek ez dute eragin akademikorik, eta erkidegoen menpe daude.
Aldaketa asko ekarriko ditu LOMCE legeak. Besteak beste, Autonomia erkidegoek espezialitate ikasgaien (Euskara, Heziketa Fisikoa...) eduki eta ordutegiak bakarrik zehaztu ahalko dituzte. Espainiako Gobernuari dagokio, beraz, ikasgai ardatzen ingurukoa ezartzea (Gaztelania, Matematika, Zientziak eta atzerriko hizkuntzak). Bestela esanda, edukien % 65 kontrolatuko du Espainiak (% 75, bigarren hizkuntza ofizialik ez duten erkidegoetan).
Halaber, Erlijioa espezialitate irakasgaia izango da datorren ikasturtetik aurrera. Batez besteko nota kalkulatzeko erabiliko dute, eta beste ikasgaien ordu kopuruarekin parekatuko dute. Eliza katolikoak aspaldi egindako eskaera bati men egin dio Rajoyren gobernuak, matrikulazio kopurua % 10 jaitsi zela-eta arduratuta baitzegoen.
Herritartasunerako Hezkuntza desagertuko da, eta erlijioa egiten ez dutenek Gizarte eta Kultura Balioak (Lehen Hezkuntza) eta Balio Etikoak (Bigarren Hezkuntza) izeneko ikasgaiak landuko dituzte.