Gizartea -

Waterline jaialdia Tolosan

Grabitateari erronka Oria ibaian

Airean egotea gustuko du Iñigo Manso gipuzkoarrak; aske. Gaur eta bihar ere grabitatearekin jolasean ariko da Tolosan Waterline jaialdiaren II. edizioko antolatzailea, beste 70 lagunekin batera.

Iñigo Manso, Tolosako Waterline jaialdiko antolatzailea Argazkia: eitb.eus
Iñigo Manso gipuzkoarra, Tolosako Waterline jaialdiko bultzatzaileetako bat
Waterline Jaialdia hartu du Tolosak asteburu honetan

1:40

M. Beistegi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Manso (Ibarra, 1985) gipuzkoarrak neurrira egindako bi jantzi ditu. Dotore, gorbata jantzita aritzen da astean zehar Gipuzkoako enpresa batean ingeniari lanak egiten; asteburuetan, ostera, ordenagailua bulegoan utzi eta 2,5 zentimetroko zabalera duen zinta leun bat hartuta ibiltzen da. Soka bi zuhaitzi lotu eta orekari eusten aritzen da han eta hemen. Dinbili-danbala ari den poliesterrezko zinta baten ezengonkortasunean aurkitu du bizitza orekatzeko errezeta Iñigok. Pausoz pauso, metroz metro, 100 metroko altuera harrapatua du dagoeneko.

Slacklineak oreka du abiapuntu eta orekak eramaten du kirolaria helmugara. Oreka, kontzentrazioa eta gauzarik txikienari ere erreparatzeko gaitasuna dira slackline izeneko kirol jarduera honetan aritzeko gakoak.

Iñigo Mansok azpimarratu duenez, kirol erraza da hasteko, bi zuhaitzi soka zabal bat lotu eta gainean jartzea besterik ez baita behar:  "Norbere buruaren kontrako lehia" baita oinarria, beldurrak gainditu, kontzentratu eta sokaren amaierara iristeko geratzen diren metroei aurre egitea.

Txikitatik tentatu du sokak gazte gipuzkoarra: "Zirkura joaten ginen txikitan eta funanbulistak ikusten genituen, airean, zintzilik. Haien larruan sartu eta haiek egiten zutena egin nahi nuen nik ere.  Haiek sentitzen zutena bizi". Eta duela lau urte izan zuen Mansok bere aurreneko esperientzia. Behin dastatuta, ezin utzi.  "Yogako zenbait ariketa, jauziak, txilinbueltak, spagata…", norberaren trebezia adina mugimendu egin daitezke sokaren gainean.

Jatorria

80ko hamarkadan AEBetan jaiotako jarduera bat da slacklinea, eskalatzeko oreka hobetu nahi zuten kirolari batzuei otu zitzaien hartan hastea. Berez, bi zuhaitzen artean lotutako soka edo zinta bat da. Zuhaitzen arteko distantziaren eta lurrarekiko altueraren arabera zailtasuna ezberdina da.

Slacklinearen barruan modalitate ezberdinak daude; longlinea, ahalik eta distantziarik luzeena jartzea bi muturren artean; highlinea, ahalik eta altuerarik handiena egotea lurraren eta sokaren artean; waterlinea, urararen gaineko zinta, eta tricklinea, zinta gainean trikimailuak egitea dira.

"Zirkutik al zatoz?"

Inguruan dituen parkeetan entrenatzen da Manso, ingurukoak ustekabean utzita. "Soka bat lotzen dugu bi zuhaitzen artean. Segurtasun neurri guztiak hartzen ditugu eta sokari ondo lotuta aritzen gara. Duela hiru urtetik hona gero eta gehiago ikusten den kirola baldin bada ere, oraindik egoera bitxi asko bizi ditut. Zirkuko langilea ote naizen galdetu didate askotan, edo herritarrak dibiertitzeko Udalak kontratatutako langilea ote naizen".

Prestakuntza fisiko berezirik ez dela behar dio Mansok; gakoa buruan dagoela. "Burua libre, lasai" eduki behar da, kezkak alde batera utzita.

 

Tolosa

Afizioa pasio bihurtuta, duela bi urte kirol honetako Estatuko lehen waterline erakustaldia Euskal Herrian antolatzea otu zitzaion Iñigori. "Tolosa aukeratu genuen kirol jarduera hau praktikatzeko aproposa delako. Iazko jaialdiaren arrakasta ikusita, aurten berriro egitea pentsatu dugu". Iñigo Manso buru, 25 laguneko taldea aritu da gaur eta bihar Tolosan izango den jaialdiko egitarau oparoa prestatzen.

Guztira 70 lagun izango dira zentimetro gutxi batzuetako zabalera duen soka batera igota Oria ibaiaren gainean orekari eusten saiatuko direnak. Tartean, Alejandro Gimeno, highlineko egungo munduko marka (145 metroko luzeera eta 100 metroko altuera) duen kirolaria izango da Tolosan.

 

Slacklinea ondo ulertzeko gida

Waterline

Bi punturen artean tenkatzen den zinta lau bat erabiltzen da. Uraren gainean egiten da, 2,5 zentimetroko zabalera duen zinta erabilita. Zintaren ezaugarriak, bere gainean salto, akrobaziak eta yoga posturak egiteko aukera ematen du.

Longline

30 metrotik gorako luzeera eta 2,5 zentimetrotako zabalera duten zintak  erabiltzen dira.

Trickline

Bost zentimetrotako zabalera duen zinta erabiltzen da. Karraka baten bitartez teinkatzen da. Salto, akrobazia eta yoga posturak egiteko erabiltzen da. Highline

Zinta 20 metrotik gorako altueran jartzen da, ondo tinkatuta. Modalitaterik muturrekoena da, honetarako teknika eta segurtasun neurri bereziak behar dira.

--- Tolosako Waterline Jaialdiko egitarau osoa

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tolosako berriak Jaiak Albisteak bela Ibaiak