Gizartea -
Lan-istripua
Kontzentrazio batekin amaitu da Volkswageneko 24 orduko lanuztea
Langilearen heriotza salatzeko eta segurtasuna aldarrikatzeko protestarekin bat egin dute langile gehienek. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan da.
agentziak | erredakzioa
"Lan esparruan heriotza gehiagorik ez" lelopean, kontzentrazio batekin itxi dute Nafarroako Volkswagenen egin duten 24 orduko lanuztea.
Enpresa batzordeak asteleheneko lan-istripua salatzeko eta segurtasuna aldarrikatzeko deitutako kontzentrazioa 13:00ean izan da, eta langileez gain, sindikatuetako ordezkariak ere egon dira. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan da.
Alfredo Morales enpresa batzordeko presidenteak deialdiak izan duen arrakasta azpimarratu du.
Era berean, enpresa batzordeak bere helburua bete omen du: alde batetik, hildako 34 urteko langile bulgariarraren familiaren ondoan egon eta, bestetik, "enpresa sektoreari mezu bat helaraztea, prebentzioa izan dadin lehentasuna".
"Prebentzioa oso garrantzitsua da gertatu zena bezalako zorigaiztoko gertakariak saihesteko", adierazi du Moralesek.
Kontzentrazioaren ondoren, fabrika normaltasunera itzuli da, arratsaldeko txandarekin.
Gainera, lanuztean langile gehienek, hornitzaileek barne, parte hartu dutela goraipatu dute sindikatuek, horri esker Landabenen ekoizpena gelditu dutelako.