Gizartea -
Lan-istripua
34 urteko langile bat hil da Volkswagen Nafarroako instalazioetan
Ibilgailu batek harrapatu du, bertan eraikitzen ari diren pabiloi batean, eta kolpearen ondorioz hil da.
eitb.eus
34 urteko langile bat hil da gaur, astelehena, lan-istripuan, Volkswagen Nafarroa enpresako instalazioetan, Landaben industrialdean (Iruñea).
Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez, ezbeharra 19:00etan jazo da, bertan eraikitzen ari diren pabiloi batean. Dirudienez, ibilgailu batek harrapatu, lurrera bota eta zapaldu egin du. Enpresako mediku taldeak heriotza baieztatu besterik ezin izan du egin.
Langilearen lankideak ere artatu behar izan dituzte medikuek, gertatutakoak gogor kolpatu dituelako.
Foruzaingoak ikerketa abiatu du, istripuaren nondik norakoak argitzeko.
Volkswagen Nafarroako langile batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du gaurko, 14:00etatik hasita, lantokian segurtasuna aldarrikatzeko, eta premiazko bilera eskatu dio enpresako zuzendaritzari, ezbehar honen nondik norakoak azaltzeko.