Gizartea -
Bilboko zezen plaza
Vista Alegrek 15.000 euroko galerak dituela salatu du EH Bilduk
Aitziber Ibaibarriagaren hitzetan, datuek agerian uzten dute zezenketak negozio hondatzailea direla, eta zezen plazaren erabileraren inguruko eztabaida eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, Bizkaiko hiriburuko Vista Alegre zezen plaza ''negozio hondatzailea'' da hiriarentzat, 2014an 14.939 euroko galerak izan baitzituen.
Hala, zezen plazaren erabileraren inguruan eztabaida ireki behar dela defendatu du, espazio hori urteko egun guztietarako ¡Aisialdirako Plaza' bihurtu dadin.
Bilboko zinegotziak azaldu duenez, Vista Alegre zezen plazako Administrazio Batzarra egin zuten atzo, eta bertan iazko kontuak onartu zituzten. EH Bildu ez dago batzar horretan ordezkatuta ''EAJk eta PSE-EEk ezarritako betoagatik'', baina koalizioak kontuen berri izan du eta ‘’arretaz aztertu’’ ditu, Ibaibarriagak adierazi duenez.
Zinegotziaren arabera, Bilboko zezen plaza ''zenbaki gorritan'' dago, 2014an 14.939,78 euroko galerak izan baitzituen. 2013an 74.527,84 eurokoa izan ziren irabaziak, EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez. ‘’Beheranzko joera agerikoa da’’, adierazi du.
Datu horiek agerian uzten dute zezenketak negozio hondatzailea direla, Ibaibarriaren aburuz. EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, zezen plazaren % 50 da Udalarena, eta beste erdia, berriz, Miserikordia Etxearena.
Bizkaiko hiriburuko EH Bilduren ustez, ''unea da zezen plazaren inguruko eztabaida abiatzeko, zuloa handiagoa egin baino lehen''.
"Estalitako diru-laguntza"
Aurreko zenbaki gorri horiei, gainera, beste 65.000 euro gehitu behar zaizkiola esan du Ibaibarriagak, Udalak zuzenean gastatutakoak (45.000 euro Alkatetzak gastatuta, zinegotzien eta goi kargudunen artean abonuak banatzeko; eta beste 20.000 euro Gizarte Ekintzak, jubilatuen elkarteei zuzenduta, EH Bilduk emandako datuen arabera). Gastu hori ‘’estalitako diru-laguntza" da, EH Bilduren arabera.
"Animaliekiko tratu txarrak'' eta funtzio soziala
Koalizioaren arabera, zuzen plaza ''animaliekiko tratu txarretarako'' espazioa da, eta ez du betetzen dagokion funtzio soziala, ''Miserikordiaren Etxearen finantzaketari laguntzea, alegia''.