Gizartea -
Eustateko datuak
Bidaiarien sarrerak % 12,5 ugaritu dira uztailean EAEn
Eustatek ezagutzera eman dituen datuen arabera, bidaiarien sarrerak hiru lurraldeetan areagotu dira: % 16,6 handitu dira Araban; % 13,6, Bizkaian, eta % 9,6, Gipuzkoan.
Agentziak | Erredakzioa
293.712 bidaiarik hartu zuten ostatu joan zen uztailean EAEko hotel-establezimenduetan; hau da, aurreko urteko hilabete berean baino 32.544 gehiagok. Horrenbestez, % 12,5eko gehikuntza izan da, eta azpimarratzekoa da atzerriko bidaiarien % 21,1 egin dutela gora.
Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) gaur jakinarazi dituen datuen arabera, hiru lurraldeetan areagotu dira bidaiarien sarrerak: % 16,6 handitu dira Araban; % 13,6, Bizkaian, eta % 9,6, Gipuzkoan.
Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan 590.414 gaualdi izan dira; horrenbestez, % 11,6ko gorakada izan da iazko uztailean izandakoekiko; 61.297 gaualdi gehiago izan baitira.
Adierazle horrek ere bilakaera positiboa izan du urtetik urtera hiru lurraldeetan: Bizkaian, % 14,0 goratu dira; Gipuzkoan, % 10,9, eta, Araban, % 5,8.
Jatorriari dagokionez, Iazko uztailaren aldean, % 5,2 ugaritu dira EAEn estatu-barruko bidaiarien sarrerak; baina, batez ere, atzerriko bidaiarien kopurua nabarmendu beharra dago, % 21,1 igo baita.
Araban, % 8,8 goratu da Estatuko bidaiarien kopurua eta % 31,3 atzerrikoena. Bizkaian, % 2,9 gehitu da Estatu barruko bidaiarien zenbatekoa; atzerriko bidaiaren sarrera, aldiz, % 27,5 areagotu da. Gipuzkoan, % 6,7 igo da Estatu barrutik datozen bidaiarien kopurua, eta atzerritik datozen bidaiariena, ordea, % 12,3.
Egonaldiaren batez besteko iraupena 2,01 egun izan da aurtengo uztailean: 2014ko uztailean erregistratutako 2,03 eguneko batez besteko egonaldiaren antzekoa. Araban, beherakada izan da: 1,74 egun, iazko 1,92 egunen aldean. Bizkaian, aurtengo uztaileko batez besteko egonaldia 1,95 egunekoa izan da, iaz bezala. Gipuzkoan, ordea, gorakada txiki bat izan da iazko datuarekin alderatuta: 2,16 egunetik 2,18ra.
Hotel-plazen okupazio-maila handiena Donostian erregistratu da (% 83,4); ondoren, Gipuzkoako kostaldean (% 79,2), eta Bilbon hurrena (% 71,5).
BBK Live eta jazz jaialdien tirakada
Eustatek azpimarratu egin du ere BBK Livek iraun bitartean (uztailaren 9tik 11ra), Bilboko gelen okupazio-maila % 94,3koa izan dela, 2014an baino 3,2 puntu gehiago. Egun horietan 9.014 bidaiari sartu ziren Bilbon, aurreko urtean baino % 6,6 gehiago.
Eustatek Donostiako Jazzaldiari buruzko datuak ere ematen ditu. Horrela, Jazzaldiak iraun bitartean (uztailaren 22tik 26ra), gelei eta plazei dagokien okupazio-maila % 94,6koa izan da, eta 10.751 bidaiari sartu ziren Donostiara, aurreko urtean baino % 9,9 gehiago.ç
Gasteizko Jazz jaialdiari buruz (uztailaren 14tik 18ra), okupazio-maila % 76,5 izan da, iaz baino % 5,4. Gainera, nabarmentzekoa da 5.030 bidaiari sartu zirela Gasteizen data horietan, 2014an baino % 2,7 gehiago, nahiz eta orduan egun bat gehiago iraun zuen.
EAEko landa-establezimenduen datuei dagokienez, 20.300 sarrera izan dira aurtengo uztailean iazko uztailean baino % 29,7 gehiago, hain zuzen ere. Lurraldeka, sarreren kopuruak ia bikoiztu egin dira Araban, % 27,5 handitu dira Bizkaian, eta % 18,9, Gipuzkoan.
Nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta landetxeetan, 57.054 gau-igarotze izan dira guztira uztailean; horrenbestez, iazko hilabete beraren aldean,% 18,9 hazi da kopuru hori.