Gizartea -
Hilketa matxista
Ertzaintza Rodriguezen etxea miatzen ari da, froga gehiagoren bila
Asteazkenean atxilo hartutako susmagarria epailearen aurrera eraman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Itxura guztien arabera, indarkeria matxistaren ondorioz hil zuten Leyre Rodriguez, abuztuaren 8an Abusun ibilgailu batek harrapatuta hil zuten emakumea. Haren heriotzarekin zerikusia duelakoan atxilo hartutako susmagarria ostiral honetan eraman dute epailearen aurrera, Ertzaintzako iturriek jakinarazi dutenez.
Horrez gain, Polizia Zientifikoak biktimaren etxea miatu du, hilketa zelan izan zen argitu dezaketen frogen bila. 10:20an hasi dira Rodriguezek Arrigorriagako Ollargan auzoan zuen etxebizitza miatzen.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo nabarmendu zuenez, "litekeena da" genero indarkeriaren kasu baten aurrean egotea, eta atxilo hartutako gizonak hilketan "lagundu edo parte hartu zuen zantzuak" badaudela azaldu zuen.
Biktimaren senar ohia Gurutzetako Ospitalean dago, egoera kritikoan, asteartean bere burua trenbidera bota ostean.
Ikerketa sekretupean dago. Argitu beharreko puntuetako bat, baina, biktima harrapatu baino lehen edo harrapatuta hil zuten izango da.