Gizartea -

Harrapaketa Bilbon

Rodriguezen senar ohiarekin trukatutako mezuengatik atxilotu dute

Hilketarekin zerikusia duelakoan atzo atxilo hartutako gizonak goizean deklaratuko du. Emakumearen senar ohiak ospitalean jarraitzen du, egoera kritikoan, bere burua trenbidera bota ostean.

Atzo atxilotuak kasuarekin zer lotura duen ikertzen ari da Ertzaintza

1:29

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leyre Rodriguezen hilketarekin zerikusia duelakoan atzo atxilotu zuten gizonezkoak ostegun honetan deklaratuko du epailearen aurrean, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez.

Beltran de Heredia Arrigorriagan izan da eguerdian, Leyre Rodriguezen hilketa matxista salatzeko Udalak deitutako elkarretaratzean. Sailburuak baieztatu duenez, atxilo hartutako gizona ez da biktimaren gertukoa eta senar ohiarekin mezu bidez izandako elkarrizketa batengatik hartu zuten atxilo. Mezu horietan ageri zirenengatik gizonak Rodriguezen hilketan zerikusia izan zezakeela ondorioztatu du Ertzaintzak.

Herediak ez du argitu nahi izan biktimaren senar ohia ote den hilketaren susmagarri nagusia eta Ertzaintzari "lan egiten uzteko" eskatu du. Agertu duenez, "zantzuak egon badaude, eta badirudi gizonak gertatutakoan parte hartu edo lagundu zuela".

Gizonak Bilboko Udaltzaingoaren polizia-etxean eman du gaua eta arratsaldean zehar eramango dute epailearen aurrera.

Joan den abuztuaren 8an zendu zen Leyre Rodriguez, Bilboko Abusu auzoan, auto batek harrapatuta. Emakumearen senar ohia ospitalean dago, egoera kritikoan, ustez bere buruaz beste egiten saiatu ostean.

Hasieratik, hipotesi guztiak mahai gainean

Abuztuaren 8an, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, emakume baten gorpua aurkitu zuten Abusun, Bilboko auzi hori Arrigorriagarekin lotzen duen errepidean. 34 urte zituen, eta bi seme-alaba. Hasierako hipotesiaren arabera, ihes egin zuen ibilgailu batek harrapatu zuen.

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu zuten elkarrekin, gertatutakoa istripua edo nahita eragindako harrapaketa izan zen argitzeko. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ikertzen jarraitu dute, eta ez dute hipotesirik baztertu. Emakumea senar ohiak harrapatu izana zen hipotesi horietako bat.

Gorpua aurkitu zuten tokian bildutako arrastoez gain, biktimaren gertukoak ere ikertzen aritu dira. Senar ohiaren testigantza, beraz, oso kontuan hartzekoa modukoa zen.

Ikerketa-lerro horretan sakondu eta argitu beharreko guztiak argitzeko, gizonezkoa Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak Erandion dituen bulegoetara deitu zuten, asteartean, goizeko bederatzietan, ibilgailua arakatzeko prozesuan presente egon zedin, abokatuarekin batera. Biktimaren senar ohia, baina, ez zen agertu.

Trenbidera bota omen zuen bere burua, Ollarganen

Hiru ordu geroago, 12:00ak aldera, merkantzia-tren batek gizon bat harrapatu zuen Ollarganen. Berehala jakin zuten ikertzaileek trenbidean oso larri zaurituta aurkitu zuten gizonezkoa hildako emakumearen senar ohia zela. Trenak eragindako zauriez gain, hainbat ebaki zituen eskumuturretan, eta odol-zantzuak zituen aizto bat aurkitu zuten haren ondoan. Ospitalean dago, oso larri.

"Permisibitaterik ez"

Asier Albizua Arrigorriagako alkateak aldarrikatu du ez dela permisibitaterik izan behar horrelako jazoeren aurrean. "Ez dadila erasorik gelditu salatu gabe, eta inork ez dezala eraso matxista bat pasatzen utzi; hala, hasieratik gisa horretako jarrerak zuzendu ahal izango ditugu", gaineratu du. Hala  adierazi du Arrigorriagako alkateak Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan.

Genero indarkeriari aurre egiteko har daitezkeen neurriez galdetuta, "ez dago formula magikorik", esan du. Halere, horren ustez, hainbat alorretan egin behar da lan, eta hezkuntza, erakundeek badaezpadako neurriak hartzea eta neurri polizialak nabarmendu ditu.

Arrigorriagako Udalak Leyre Rodriguezen hilketa gaitzesteko adierazpena onartu zuen atzo aho batez, "etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak