Gizartea -

Nafarroa

Gazte bat hil da Leringo jaietan, sabelean adarkada bat jasota

Udalak jaietako hainbat ekitaldi bertan behera utzi ditu eta elkarretaratzea deitu du atzo hil zen 29 urteko gaztearen omenez.

Calahorrako 29 urteko gaztea hil zen atzo Lerinen

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

29 urteko gizonezko bat hil da igande honetan Leringo jaietan sabelean adarkada jasota, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Ezbeharra igande arratsaldean jazo da, 19:45 aldera. Gizonak bigantxa baten adarkada jaso du sabelean. Miguel Ruiz Perez da hildakoa, Calahorrako (Errioxa) bizilaguna eta zezenzalea. Oso ezaguna zen Iruñeko eta Funesko entzierroetan. Errekortarien erakustaldi batean parte hartzen ari zela, estropezu egin du eta lurrera jausi da. Orduan adarkatu du animaliak.

Lehenbizi, Gurutze Gorriko kideek artatu dute bertan, baina Nafarroako Ospitalera eraman dute ondoren, anbulantziaz. Azkenean, ospitalerako bidean hil da gizona, zauri larriaren ondorioz.

Atsekabea Lerinen

Heriotzaren berri jakin bezain laster, bilkura egin du udalbatzak eta, aho batez, jaietako programaren hainbat ekitaldi bertan behera uztea erabaki du. Hala, goizean ez dituzte behiak askatu eta 19:00etan gaztearen omenezko elkarretaratzea egingo dute zezen plazan.

Udalbatza udaletxeko balkoian bilduko da eta bertatik hildako gaztearen familiari bere "tristura eta dolumina" erakutsiko dio, Consuelo Ochoa Leringo alkateak jakinarazi duenez.

Ochoaren esanetan, gertatutakoa "kolpe latza" da eta "hunkituta" ditu. "Isiltasuna zen nagusi atzo herrian eta oso adierazgarria da hori", erantsi du. Antza, berarentzat bereziki gogorra da gertatutakoa, haren iloba entzierro batean hil baitzen orain zortzi urte.

Foruzaingoak hartu du istripua ikertzeko ardura. Alkateak azaldu duenez, "dena Legearen arabera zegoen".

Leringo Udalaren ordezkari bat gaztearen hileta elizkizunean izango da, familiari doluminak agertzeko asmoarekin.

Bestalde, Calahorrako Udalak jakinarazi duenez, abuztuaren 25ean gaztearen aldeko ekitaldia egingo dute egun horretako jaietako entzierroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur