Gizartea -
Zentral nuklearra
Araba beldur da Madrilgo Gobernuak ez ote duen Garoña berriz zabalduko
Horren aurrean, Arabako Diputazioak "presio politikoa" erabiliko duela ohartarazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Ramiro González (EAJ) Arabako Ahaldun Nagusia arduratuta azaldu da Madrilgo Gobernuak eta Alderdi Popularrak ez ote duten Garoñako zentrala (Burgos) berriz zabaltzeko ahalegina egingo, urte bukaerarako aurreikusita dauden hauteskundeen aurrean. Gonzalezek jakitera eman duenez, presio politikoko neurriak hartuko dituzte aukera hori saihesteko asmoz.
Arabako Gobernuko arduradun nagusiak Diputatuen Batzorde osteko prentsaurrekoan adierazi du bat datorrela Araba Garoñarik gabe plataformak agertu dituen susmoekin. Susmo horien arabera, Mariano Rajoyk zuzentzen duen kabinetea 2013tik itxita dauden instalazioak (lizentzia iraungi ostean) berriz irekitzeko aukera aztertzen egongo litzateke, datozen hilabeteei begira.
Nuclenorrek (bertan Iberdrolak eta Endesak erdibana parte hartzen dute) ustiapen-baimena luzatzeko eskabidea egin du, instalazioak berriro zabaltzeko xedearekin. Eskabide hori Segurtasun Nuklearraren Kontseiluan ari dira aztertzen.
Gauzak horrela, Gonzalezek jakinarazi du Arabako Aldundiak eta Araba Garoñarik Gabe elkarteak "presio politikoko neurriak" hartzeko aukera aztertuko dutela, Garoñako instalazio nuklearrak berriro ireki ditzaten ekiditeko asmoz. Instalazioak Burgosen egon arren, Arabako hainbat udalerritik gertu daude.