Gizartea -

Lurralde arteko Kontseilua

Irizpide zientifikoak aldeztuko ditu Darponek barizela-txertoarentzat

Barizelaren txertoari buruzko erabakia "irizpide zientifikoetan eta ez politikoetan" oinarrituta egon dadila defendatuko du Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan

Darpon: 'Helegiteari eutsiko diogu, osasun publikoa babesteko'

1:31

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun sailburu Jon Darponek barizelaren txertoari buruzko erabakia "irizpide zientifikoetan eta ez politikoetan" oinarrituta egon dadila defendatuko du Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluan. Halaber, ukatu egingo du Estatuak kudeaketa klinikoko unitateen gainean arautzeko aukera izan dezala, "eskumen urraketa" bat baita.

Radio Euskadin eman duen elkarrizketa batean egin ditu Darponek adierazpen horiek, Osasunaren Lurralde arteko Kontseiluaren bilera dela-eta. Bilera horretan, haurtxoei eman beharreko barizelaren txertoari buruz eztabaidatuko dute.

Osasun sailburuak esan duenaren arabera, gai horretan "beti" defendatu izan duten jarrera defendatuko dute oraingoan ere, eta Euskadik txertaketa-egutegi "modernoa eta erabatekoa" duela gaineratu du. Adierazi duenez, aurten aldaketa "oso garrantzitsuak" egin dituzte, zenbait txerto aurreratu egin baitira.

Horrenbestez, bakunaren-txertoari dagokion erabakiak "irizpide zientifikoetan eta ez politikoetan" oinarrituta egon behar duela aldeztuko dute, eta Euskadik txertoen batzorde aholkulari teknikoaren erreferentzia jarraituko duela, gaineratu du. "Urte luzez ari da lan egiten eta oso ondo egiten du. Hark ezarri behar digu jarraibidea eta gure erreferentzia izan behar du".

Kudeaketa klinikoko unitateak

Bestalde, batzarrean kudeaketa klinikoko unitateen arauketaren gaiari ere helduko diote. Darponek azaldutakoaren arabera, "ospitaleen barruan antolatzen diren kudeaketa tresnak dira, espezialitate desberdinak koordinatzen dituztenak, pazienteei ahalik eta arreta onena ematezko asmoz".

Darponek baieztatu du Eusko Jaurlaritza Osasun Ministerioak planteatzen duen arauketaren kontra dagoela, uste baitu Estatuak ez duela zertan kudeaketa-tresna bat arautu behar. "Guk baditugu kudeaketa klinikoko unitateak, sekula ez da behar izan estatuko araudi bat, eta gure iritziz hemen eskumenak urratzeko eta homogeneizatzeko asmoa dago, eta Ministerioak homogeneizatzen duen bakoitzean beti okerrerako izaten da".

Bestalde, C hepatitisa duten gaixoentzat botika berriak banatzeko gaiaren gainean azaldu du aurretik ere esan zutela paziente guztiak "irizpide klinikoen arabera" artatuko dituztela, eta ez dela bat bera ere tratatu gabe utziko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea albisteak Nerabezaroa albisteak Txertoak azken ordukoa