Gizartea -

AEBn

Erraldoiak eta buruhandiak Boisen izango dira lehen aldiz

Donostiatik joan dira, Irrintzi Erraldoien Konpartsaren eskutik, Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxeak gonbidatuta, Jaialdian parte hartzeko.

Irrintzi Erraldoi konpartsako 14 kide, Boiserako bidean

1:34

T.S.J. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erraldoiak, buruhandiak eta ipotxak Boiseko kaleetan izango dira aurten lehen aldiz, Jaialdi kultur-festaren harira. Bost urtetik behin ospatzen dute jai hori Idahoko hiriburuan, Boisen, alegia, euskal diasporaren hiriburuan, hain zuzen ere.

Pertsonai erraldoi horiek Donostiatik joango dira, Irrintzi Erraldoien Konpartsaren eskutik, Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxeak gonbidatuta. Igande honetan bertan Loiuko aireportuan hegazkina hartu dute Boisera doazen 14 konpartsakideek, eta bidaia luzea izan arren (24 ordu baino gehiago), ilusioz beteta joan dira, bi urte daramatzatelako bidaia prestatzen.

Hala ere, erraldoiak eta buruhandiak lehenago iritsiko dira, materiala aurretik bidalita baitute. Irritzi Konpartsako lagunek Euskal Herriaren zati handi bat eraman nahi diote Boisen bizi den euskal diasporari.

Musikaz eta kulturaz blai

Erraldoiaz eta buruhandiaz aparte, egitarau zabala antolatu dute aurtengoan ere. Musikari dagokionez, han izango dira Kepa Junkera, Luhartz erromeria taldea edo Aittitta Makurra txaranga, bertsolariekin batera.

Gainera, euskal dantzak ere protagonista izango dira: Euskal Herritik joandako Ortzadar dantza taldeak ez ezik, Boiseko Oinkari taldeak, Homedaleko Herribatza dantzariak edo Chinoko Gauden Bat Gure Ametsa dantzari taldeak emanaldiak eskainiko dituzte.

Euzkaldunak Euskal Etxeak antolatzen duen kultura-ekitaldia da Jaialdia. Uztailaren 29tik abuztuaren 2ra egingo dute, eta diasporan bizi diren euskaldunak eta Euskal Herritik joandakoak elkartuko dira bertan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Jaialdi Boiseko argazkiak