Gizartea -
Jaialdiaren atarian
Itzela izan da, Boise
Urtzi Urrutikoetxea ETBko kazetaria Boisen da. Idahon bizi izandakoak laburbildu dizkigu.
Urtzi Urrutikoetxea | ETB
Uztail hasieran etorri ginen familia osoa, bospasei hemen ematera, hango eta hemengo lanekin. Lehen egunean, hiriko erdigunean paseoan, alde guztietan eskegitako BasqueSoccer afixei erreparatu nien. Orain urrun zirudien futbol partida iragartzen zuten. Beste aldetik, are urrunago zegoen Jaialdia, bost urterik behin egiten den diasporako ospakizun erraldoia. Idahoko hiriburuko bero sapan, asiar familia baten delira sartu nintzen, ez bazkaldu edo kafea hartzera, izozki baten bila baizik. Atean ere bazeukaten Athleticen iragarkia.
Egunak joan ahala, giroa zelan berotu den ikusi dugu. Udako ekaitzek eta erauntsiek astindu dute Boise, uztaileko ohiko sargoriak atseden hartu du egun batzuetan, eta astiro-astiro, komunitatea ezagutzen joan gara. Ikastolan dabiltza bai bikotea, irakasle, bai umea. Euskal museoaren abaroan eratuta dago, eta hortik Basque Block-eko beste txoko eta lagunak ezagutzen joan gara. Hala, duela astebete, emailez eta facebook-ez hainbatetan hitz egindako Henar Chico, Annie Gavica eta Athletic-eko peñako lagunekin bildu ginen. Bezperatan geunden, eta mundu guztiak bazekien itzela zetorrela hirira. Batzuentzat sakrilegioa ere izan dena, futbol amerikarrean hain ezaguna den Boiseko Broncosen zelaiaren urdina belar berdez estali zuten, hainbat boluntarioren laguntzarekin. “Egon daitezela lasai, partida amaitu eta berehala itzuliko da urdina” zioskun Joe Lasuen peñako kideak.
Distantziak auto-ordutan neurtzen diren herrialdean, ezin harritu ia denek “Gernika” aipatzen arbasoen sorleku legez. Tarteka Durango, Markina edo Lekeitio, baina horren ostean datoz herrien izenak: Errigoiti, Munitibar, Aulesti, Ipazter, Garai, Foru... eta hala, Bizkaiko ekialdeko herrien segida batekin egin genuen topo. Denen buru, Argia Beristain, “zelan zaze?” ondarrutar batekin agurtzen duena, eta Keegan Dougherty senar “chirish”arekin batera (irlandar eta txinatar jatorrikoa, alegia) egunotako zorakeriaren erantzulea.
Sare sozialetan mezua: Athleticen hegazkina berandu dator, 18.45etan beharrean, 21etan harrera. Eta dozenaka lagun iluntzean Boisen. Txaloak, oihuak, irrintziak, batek baino gehiagok begiak umel... Dave Bieter alkatea, Athleticeko peña, David Lachiondo Boiseko unibertsitateko euskal ikasketen burua eta beste hainbat eta hainbat lagun. Beristain-Dougherty bikotearen seme nagusiak “awesome” (harrigarria), bota zuen Andoni Aduriz amarekin berbetan ikusita. Telebistan mila aldiz ikusitako bera zen, bai.
Hurrengo egunetako zurrunbiloa, ikusi duzue: ostirala euskal komunitate biziarekin eman zuten zuri-gorriek, museoan, euskal etxean, ikastolan... zabal eta jator, futboleko izarrekin kosta ohi den hurbiltasunez. Gorka Iraizozek ezin barrea ezkutatu ikastolan, Saioak estatubatuar guztien aurrean ohi duenez S-A-I-O-A letraz letra esatean (ingelesez “es-ei-ai-ou-ei”), euskal izenak arrotzak balira legez. Aduriz, Ibai eta besteak ere zabal nahastu dira umeekin, euskaraz zein ingelesez.
Euskal etxean Josu Urrutiak ez du ezkutatu zeinen hunkituta dabilen, “batzuetan etxean gauza batzuk zailak direla sinesten dugu, eta hemen ikusten dugu, milaka kilometrora, euskarari, kulturari eta sustraiei eusteko grina”. Euskaraz Urrutiak, ingelesera Nere Lete errenteriar boisetartuak.
Eta argazki gehiago, eta familia osoak zuri-gorriekin batera euskal etxean, Basque Block-eko txokoetan... Iribarrekin egoteko luxua, eta sentipen hori, bidaia hau partida bat baino askoz gehiago ere badela (“baina ez dezagun ahaztu jokatzera etorri garela” zioskun larunbatean Valverdek.
Partida egunean, Boisek gainez egin zuen. Euskal komunitatea gaindituta, larunbateroko azokan zuri-gorria ageri zen edonon, edo BasqueSoccer-en berdea. “Ez dut loturarik Euskal Herriarekin, baina oso pozik nago Boisera etorri direlako, ea itzultzen diren” diosku herritar batek. Eta beste batek. Jokalaririk ere ezagutzen ez dutenak asko, futbola aski arrotza da gehienentzat parajeotan, baina berdin du.
Zelai inguruan, zoramen erabatekoa, tailgatean. Autoak zelai inguruan, eta picnic erraldoia bihurtu da Andersons ingurua. Ikurrinak, kolore zuri-gorriak eta, Mexikoko koloreak ere horiek izanik komunitateen arteko topaketa itzela suertatzen da. Ibili ahala, nongoak garen, ea paella zati bat, garagardo bat, hot dog bat. Erdi lotsatuta diosku polizia-agente batek garagardo lata ezin dugula hurrengo txokora eraman, mesedez plastikozko edalontzi batean eramateko. Eta segidan, bertakoekin argazkiak egin ditu. Berak ere arbasoak Bizkaian. Horrela, dozenaka mahai. Emakume batzuk umeei ikurrinak margotzen dizkiete aurpegian. “Non-Basques” direla dioskute, baina zer demontre, gustura besarkatu dituzte gure ikurrak. Hori da funtsean Estatu Batuak, edozein kultura bere egiteko gai den nazioa.
Partidan lanean ibilita, desberdin gozatzen da. Baina harrapatzen dituzu sentipenak. Ez zen helburua goi-mailan ibiltzea. Profesionalki, zuzen, baina gozatua ematen ere bai. Irten jokalariak, argazkia, zoramena. Kamiseta berdearekin kantatu dute AEBko ereserkia ere, denak zutik. Eta kokatu gara Xolosen atearen atzean, eta berehala dator lehena. Bigarrenerako, Iraizozen atzetik ari gara grabatzen, hango zaletuak zaratatsuak eta jantzi koloretsuekin dabiltza. Atsedenaldian kazetarien txokora goaz, seigarren eta azken solairuan. Ikuspegia, itzela, Boiseko mendi horiak atzean zelaiak txikiagoa ematen du, baina hortxe dago jendetza. Wyoming-etik, Kaliforniatik, Nevadatik, Oregondik etorritako hainbat eta hainbat lagun. “Zenbat irauten du atsedenaldiak?” entzun dugu karrejutik. Futbola arrotza da askorentzat, baina gozatua berbera. Mexikar zein euskaldun, Boiseko zein inguruko estatuko, egun itzelak izan dira. Partida amaieran, hiru belaunaldiko familiarekin egin dugu topo. Wyomingdik etorri dira, aita gernikarrak euskaraz polito, antigoaleko eran, berba gutxi eta zorrotz, semeak eta bilobek ingeles joria. Sustraiak urrun, baina ikurrina eta zuri-gorria inoiz baino hurbilago. Horretarako ere balio izan baitu: komunitatetik aspaldi urrundutako hainbat eta hainbat lagunek berriz ere bat egiteko, ospakizunaren parte izateko.
Igandea suabe joan zen, entrenamenduan lagun gutxixeago (gaua ere oso luze joan baitzen Boise erdialdean), eta Iribarrek bertso hunkigarriarekin egin zien agur. Korapilo txiki bat, ilusioa eta itzulerako hegazkinaren ordua. Esan zuen Urrutiak, ezin esan esperientzia bereziena izan dela hau, baina berezienen artean egongo dela, zalantzarik ez.
Arratsaldean Amuma Says No ari zen jotzen Basque Blockean. Countrya eta trikitixa, orain ingelesez, orain euskaraz. Itzela izan da. Eta onena, hasi baino ez dela egin. Berehala dator Jaialdia. Eta harekin, AEBko eta Euskal Herriko milaka lagun batuko gara Boisen.