Gizartea -

Tiro eremua

Pertsona bat arin zauritu da tiroz Bardean

Gertakaria ostegunean jazo zen tiro eremuaren inguruan. Foruzaingoak ikerketa ireki du gertatutako argitzeko.

Bardeako tiro eremua. Artxiboko irudia: EFE
Bardeako tiro eremua. Artxiboko irudia: EFE
Gizon bat arin zaurituta Bardean, ihes egindako jaurtigai batengatik

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona bat arin zauritu zen tiroz ostegunean Bardeako tiro eremuaren inguruan, Nafarroako Gobernuak gaur jakitera eman duenez. Gertaera, maniobra militarrak egiten ari ziren bitartean izan zen.

Foruzaingoak jasotako datuen arabera, Nafarroako Larrialdi zerbitzuek dei bai jaso zuten atzo eguerdian, 12:15 aldera. Deia egin zuenak zioenez, tiro bat jaso zuen Bardeako tiro eremuaren inguruan autoarekin zebilen bitartean.

Aire-koarteleko osasun zerbitzuek artatu zuten zauritua. Ezkerreko homoplatoaren erdialdean ebaki arin bat zuen.

Foruzaingoak ikerketa ireki du gertatutako argitzeko.

Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Finantza Politika saila arduratuta agertu da "jazotako gertaera larriaren aurrean". Era berean, beharrezko laguntza eskaini dio zaurituari.

Bardeako tiro eremuaren inguruan jazotako gertaera "larriari" buruzko "informazio xehe eta zehatza" eskatu dio Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Espainiako gobernuari. Diputatuak ohar bat kaleratu du eta bertan gertaeraren inguruan dagoen "isiltasuna" salatzeaz gain, tiro eremua eraisteko eskatu du.

Aireko Armada jaurtigaiaren jatorria ikertzen ari da

Espainiako Aireko Armadak eta Nafarroako Foruzaingoak ikerketa zabaldu dute pertsona bati zauriak eragin zizkion jaurtigaiaren jatorria zein izan zen argitzeko.

Defentsa Ministerioaren Komunikazio bulegoak berri eman duenez, kalibre txikiko jaurtigaia zen eta gertaeraren unean maniobra batzuk egiten ari zen helikoptero bateko metrailadore batetik atera zen.

Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, jaurtigaiak -hainbat kilometroko bidea egin ostean- ibilgailu baten kontra talka egin zuen eta barruan zihoan lagunetako bat zauritu zuen.

Espainiako Defentsa Ministerioak "harridura" agertu du gertatukoaren aurrean eta adierazi du, seguru asko, zerbaiten kontra jo ostean atera zela jaurtigaia tiro eremutik.

Nafarrak defendatzea eskatu dio Tiro eremuaren aurkako asanbladak Foru Gobernuari

Nafarrak defendatzea, Bardeako tiro eremuan ostegunean gertatutakoa argitzea eta tiro eremua eraistea eskatu die Bardeako tiro eremuaren kontrako asanbladak Nafarroako Foru Gobernuari eta Tuterako Udalari.

Asanbladak azpimarratu du aurten tiro eremu inguruan gertatzen den bigarren jazoera "oso larria" dela; izan ere, martxoan bi lagunek bi jaurtigai erortzen ikusi zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak