Gizartea -

Iruñea

19 urteko neska bati sexu-erasoa egin diote sanferminetan

Erasotzailearen lagunek erasoa ikusi zuten eta "barre" egin zuten. Ehunka lagunek festan etenalditxo bat egin dute sexu-erasoa gaitzesteko. Elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan, arratsaldean.

Elkarretaratzea egin dute Iruñean, sexu-erasoa gaitzesteko

02:12

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hemeretzi urteko neskato batek "intentsitate altuko sexu erasoa" jaso du sanferminetan, Gora Iruñea plataformak salatu duenez.

Erasoa hilaren 9tik 10erako gauean jazo zen, lokal baten komunetan. Gainera, erasotzaileak "bat baino gehiago" izan zirela ohartarazi du plataformak. Izan ere, batek gauzatu zuen erasoa, baina gainerakoak "kanpoan zeuden, barruan gertatzen ari zena jakinda, barrezka". Azkenean, bi lagunek lortu zuten neska komunetik ateratzea.

Eraso hau "intentsitate altukoa" izan dela nabarmendu dute, baina "intentsitate txikiko" ugari gertatu direla ohartarazi dute; besteak beste, ukitzeak, irainak eta eraso fisikoak izan omen dira.

Halaber, Gora Iruñea plataformak dei egin die herritarrei "beste gizarte eredu bat eraikitzeko, indarkeria sexista errefusatzeko eta horri erantzuna emateko". "Jada ez du balio erasotzaileei konplizitatea erakusteak eta erasoen aurrean jarrera pasiboa izateak", gaineratu du.

Erasoa gaitzesteko festan etenalditxo bat egin du Iruñeak

Ehunka lagunek festan etenalditxo bat egin dute sexu-erasoa gaitzesteko. Elkarretaratzea egin dute Udaletxe plazan.

Sexu erasoa elkarretaratzea efe

Sexu erasoa elkarretaratzea efe

Elkarretaratzea Udaletxe plazan. Argazkia: EFE

Gora Iruñea kolektiboak deitu du elkarretaratzea eta ehunka lagun bildu dira "Sexu-erasoei Ez" lelopean.

"Aski da" kartelak eraman dituzte parte-hartzaileek. Alderdi politikoetako ordezkariek elkarretaratzean parte hartu dute.

EH Bilduk, Ahal Duguk, PSNk, Ciudadanosek eta Ezkerrak sare sozialak erabili dituzte erasoa gaitzesteko, biktimari elkartasuna adierazteko eta erasoen aurrean mobilizazioa eskatzeko.

Besteak beste, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuaren presidenteak eta Miren Aranoa eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariek erasoa errefusatu dute Twitter sare sozialean.

Bestalde, "protokoloa beti martxan jartzea" eskatu du ‘Astelehen lilak’ kolektiboak, "biktima beti artatzeko". Aldi berean, gaztearen bi lagunen jarrera goraipatu du kolektiboak, "Ez paso egin" leloarekin bat datorrelako.

Gainera, tabernei gauean musikarik gabe 30 minutu emateko eskatu diete 00:00etatik aurrera.

Sexu erasoak salatzeko eta biktimei aholku emateko telefono zenbakia: 699 687 687.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Albisteak Nafarroa San Fermin jaiak