Gizartea -
Karmengo Jaiak
21 lagun 'zintzilik' gelditu ziren barraka itxi dute Barakaldon
Barakaldoko Udalak behin-behinean barraka itxi du gertaturikoaren inguruko xehetasunak ezagutu bitartean. Suhiltzaileek lau ordu behar izan zituzten 21 lagunak jaisteko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barakaldoko Udalak Ansio festa-eremuko barraka bat itxi du behin-behinean, atzo matxura izan eta 21 lagun 40 metroko altueran zintzilik gelditu ostean.
Karmengo Jaien Jarraipen Batzordeak bilera egin du gaur goizean jaien lehen eguna nola joan zen aztertzeko. Gaurko bileran atzoko gertakaria izan dute hizpide nagusi eta, badaezpadako neurri gisa, "gertatutakoaren inguruko datu gehiago izan arte" barraka ixtea erabaki dute.
Ildo horretan, Jarraipen Batzordeak beharrezkoak diren txostenak eskatuko ditu matxura zerk eragin zuen argitzeko. Are gehiago, barraka itxita egongo da "segurtasun neurri guztiak betetzen dituela egiaztatu arte".
Udalak azaldu duenez, 'The Limit' izeneko barraka aurrez 2013ko jaietan ere Barakaldon izana zen, eta arratsaldeko zortziak aldera gelditu egin zen bidaiariak 40 metroko altueran zeudela.
Barakaldoko Udalak baieztatu duenez, barrakak baimen guztiak zituen. Antza denez, oraindik argitzeke dagoen arazo tekniko batek eragin zuen matxura eta larrialdiko jaitsiera sistema ere blokeatuta gelditu zen. Hori dela eta, suhiltzaileei deitu zieten eta horiek lau ordu behar izan zituzten 21 lagunak jaisteko.