Gizartea -

Euskara

Jaurlaritzaren 400.000 euroko ekarpena, Iparraldean euskara sustatzeko

Hala, Eusko Jaurlaritzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren artean 1.600.000 euroko funtsa bildu dute euskara sustatzeko proiektuei laguntzeko.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak 1,6 milioi euro bildu dituzte euskara sustatzeko proiektuei laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak dirutza horren laurdena jarri du, 400.000 euro.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Fraçois Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak aurkeztu dute aurrekontua, Baionan.

Bestalde, Baztarrikak jakitera eman duenez, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak gutuna bidali zion François Hollande Frantziako presidenteari, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna betetzeko prozesua burura eraman dezan.

"François Hollande Frantziako Errepublikako presidenteak duela aste batzuk publikoki azaldu zuenez, lege konstituzional bat egiteko asmoa du Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna betetzeko eta, horretarako, proiektua idazteko agindua eman du. Hori laguntza handia izan liteke euskararentzat Iparraldean, eta baita Europako hizkuntza aniztasunarentzat ere", azaldu du Baztarrikak.

Euskara sustatzeko proiektuei diru-laguntzak ematea da funtsaren helburua. Bi taldetan banatu dituzte laguntzak: itun bitartez emandakoak (zortzi izango dira), eta proiektu deialdietan adostu dituztenak (aurkeztu diren 82 proiektuetako 65i emango dizkiete laguntzak).

Lehenengo taldeari dagokionez, hezkuntzarekin lotutako erakundeei emango zaizkie: Seaska, Ikas-bi eta Biga Bai; eta Euskal Hazia.

Gainera, AEK-k, Euskal Irratiek, Bertsularien Lagunek eta Uda Lekuk ere jasoko dute dirua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara