Gizartea -
Bizkaia
Lekeitioko 13 urteko mutiko baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza
Adingabea eta bere anaia bikia aldi berean gaixotu ziren, leku ezberdinetan zeudela, ekainaren 26an. Ertzaintza Madrileko Toxikologia Institutu Nazionalaren emaitzen zain dago.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak ikerketa abiarazi du 13 urteko mutiko baten heriotzaren nondik norakoak argitzeko. Gaztea Lekeitioko bizilaguna zen eta bera gaixotu zen egunean bere anaia bikia ere ospitaleratu behar izan zuten, baina hura arriskutik kanpo dago jada, Ertzaintzatik jakinarazi dutenez.
Izan ere, Ertzaintza Madrileko Toxikologia Institutu Nazionalaren emaitzen zain dago, ikerketarekin jarraituko ote duen erabakitzeko, aipatutako iturrien arabera.
El Correo egunkariak gaur, larunbata, argitaratu duenez, bi anaiak aldi berean gaixotu ziren ekainaren 26an, Lekeitioko leku ezberdinetan egonda, eta artatu zituzten medikuek uste dute produktu toxikoren bat edo txarto zegoen zerbait jan dutela.
Bi anaiak Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman zituzten helikopteroz, baina horietako bat asteazkenean hil zen.