Gizartea -
Udazkenean
57.501 eskari, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan parte hartzeko
Eskari kopuru gehien jaso dituzten kategoriak honako hauek izan dira: zeladorea (16.307 eskari), erizaina (12.286) eta administrari laguntzailea (10.822).
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
57.501 eskari jaso dira Osakidetzako 2014-2015eko Lan Eskaintza Publikoan parte hartzeko, atzo bertan, 14:00etan, epea amaitu ondoren. Izena emateko epea hilabete egon da zabalik, joan den ekainaren 4tik, alegia.
Deialdiak 1.014 lanpostu eskaintzen ditu. Osakidetzak aurten eta datorren urtean guztira hiru lan eskaintza publiko proposatuko ditu, guztira, 2.000 lanpostu, hain zuzen ere.
Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari Jose Maria Armentiaren aburuz, "eskaintza garrantzitsua da, oso, Osakidetzako pertsonala gaztetzeko, eta ilusioz hartu dute Lan Eskaintza Publiko hau parte-hartzaileek".
Eskari kopuru gehien jaso dituzten kategoriak honako hauek izan dira: zeladorea (16.307 eskari), erizaina (12.286) eta administrari laguntzailea (10.822).
Lanpostuen kopurua kategoria bakoitzaren arabera ezberdina da: Erizaintzan 288 eskeintzen diren bitartean, familiako mediku eta pediatren kasuan, 167 dira lanpostuak. Administrari laguntzaileen atalean, berriz, 192, eta beste horrenbeste Erizaintzako laguntzaileei dagokienez. Guztira, esan bezala, mila lanpostutik gora.
Lan Eskaintza Publiko horren probak aurten egingo dira, eta hainbat nobedade izango dituzte, adibidez, behin-behinekoz esleitu zaien puntu-kopurua berrikusteko eskatu ahal izango dute hautagaiek, helmuga aukera duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratu aurretik.
Gainera, frogak aukerako erantzunek osaturiko galdetegi baten bitartez egingo dira, eta okerreko erantzunentzako ez da zigorrik izango.