Gizartea -
Nafarroan xamurragoa
Alerta laranja ezarri dute Euskadin asteartetik aurrera beroa dela eta
Astelehenean, abisu horia Hego Euskal Herri osora zabalduko da. Astearterako, 17 ºC-ko minimoak eta 40ko maximoak espero dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du muturreko tenperatura altuengatik Euskal Autonomia Erkidegoan astelehenerako eta alerta laranja aktibatuko du asteartean eta asteazkenean, 40 gradu baino gehiagoko tenperaturak izango direla ikusita. Gainera, Aemetek alerta laranja ezarri du Nafarroako Erriberan eta abisu horia Nafarroa erdialdean astelehenerako, eta alerta laranja Erriberan zein kantauriar isuarialdean eta abisu horia Nafarroa erdialdean astearterako.
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez zabaldu duenez, astelehenerako oso tenperatura beroak espero dira Ebro inguruan eta trantsizioaren gunean, 35-36 graduko maximoekin. Hori dela eta, abisu horia ezarriko dute.
Asteartean, abisua alerta laranja bihurtuko da tenperatura are altuagoak espero dituztelako. Kostaldean, 19 graduko minimoak eta 37ko maximoak aurreikusi dituzte.
Kantauri barnealdean eta trantsizio gunean, tenperaturak 17 eta 40 artekoak izango dira, iragarpenaren arabera. Ebroren inguruan 18-40 artekoak espero dira.
Asteazkenean, halaber, alerta laranjak indarrean jarraituko du, 20 graduko minimoak eta 38ko maximoak aurreikusi dituztelako.
Kantauri barnealdean eta Ebron, 18-40 graduko tenperaturak izango omen dira. Trantsizio gunean, era berean, 17-39koak.
Bilboko Udalak behin-behineko iturriak jarriko ditu beroari aurre egiteko
Bilboko Udalak behin-behineko zortzi iturri berri jarriko ditu datozen egunetarako espero den beroa dela eta. Hiri osoan 419 iturri publiko daude eta Udalak sare hori indartuko du.
Hedabideetara bidalitako ohar batean, Bilboko Udalak adierazi du behar izanez gero behin-behineko iturri ipiniko dituela.