Gizartea -
Immigrazioaren drama
Europak errefusatu egin du errefuxiatu kuotak halabeharrez ezartzea
Hogeita zortzi estatu kideek onartu egin dute 40.000 errefuxiatu borondatez banatzea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek Greziara eta Italiara heldutako 40.000 errefuxiatu siriar eta eritrear hartzea onartu dute, baina ez dute onartu kuotak halabeharrez ezartzea.
Horrela, "migrazio presio handia" duten herrialdeen "karga" arintzea izango dute helburu. Estatu kideek bi urteko epea izango dute etorkin horiek hartzeko.
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea kuotak nahitaez ezartzearen aldekoa zen, baina Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea aurka agertu da, eta borondatezko sistemaren alde egin du. Horren ildotik, uztaila bukatu baino lehen zenbat errefuxiatu hartzeko prest dauden esateko eskatu die estatu kideei.
Guztira, Europar Batasunak 60.000 errefuxiatu hartu nahi ditu, eta estatu kide "guztiek" hartuko dute parte operazioan.
Junckerrek esan duenez, "ez zait axola kuotak nahitaezkoak edo borondatezkoak izatea, betiere helburua betetzen bada". "60.000ak dira nire kezka, ez 28ak", gaineratu du.
Gainera, urtea bukatu baino lehen errefuxiatuak hartzeko "behin betiko mekanismo bat" sortzeko proposamena aurkeztuko duela berretsi du.
Junckerrek eta Tuskek prentsaurrekoa eskaini dute, eta gai honen inguruan bien artean inolako gatazkarik piztu izana ukatu dute.