Gizartea -
Sanfermina 2015
Txupinazoa Iruñeko Orfeoiak eta Veleta peñak bota dezakete
Asiron alkateak jada iragarri du herritarrei utziko diela protagonismoa egun horretan. Iruñeko Orfeoiak eta Veleta peñak botatzea proposatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari.
EITB.EUS
Joseba Asiron (EH Bildu) Iruñeko alkate berriari dagokio, berez, Sanferminak 2015eko txupinazoa botatzea. Dena dela, hainbat hedabidetan egindako elkarrizketetan, alkateak jada iragarri du herritarrei utziko diela protagonismoa egun horretan, txupinazoa jaurtitzeko aukera talderen bati emanaz.
Hala, festei hasiera emango dien suziria Iruñeko Orfeoiak eta Veleta peñak botatzea proposatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari, eta oraindik baieztapen ofizialik ez baldin badago ere, baliteke bi talde horien ordezkariak izatea txupinazoa botako dutenak.
Iruñeko Orfeoiak 150 urte beteko ditu aurten, eta taldearen lanari omendu nahi dute. Veleta peña, berriz, 1936ko gerra aurretik Iruñean sortutako peñetako bat da; sanferminetan zuriz janzteko ohitura peña horretako kideek hasi zuten. Sasoi hartan, Veletako kide asko langileak eta ezkertiarrak ziren eta gerran fusilatuta hil ziren. Historia hori gogora ekarri nahi dute.