Gizartea -
Dokumentazioa
Zer da difteria eta nola kutsatzen da?
Gaixotasuna arnasbideetatik kutsatzen da eta sukarra, eztarriko mina eta arnas egiteko zailtasunak eragiten ditu. Gainera, bihotza, giltzurrunak eta nerbio-sistema kalte ditzake.
I.G. | eitb.eus
Difteria 'c diphtheriae' baziloak eragindako gaixotasun infekziosoa da, laringean agertzen dena, eta gizakiengan soilik eragiten du.
Bakteria hazten denean toxinak isurtzen ditu odolera eta bihotza, giltzurrunak eta nerbio-sistema kalte ditzake. Normalean, hasi eta ondorengo 50 egunetan pronostiko erreserbatua izan ohi du.
Gaixotasunaren sintomak oso bestelakoak dira, baina gehienetan eztarriko mina, sudurrean sekrezioa, lepoko ganglioen handitzea, ondoeza eta sukarra eragiten ditu. Era berean, faringean mintza sortu dezake, eta erraztasuna izaten du odoletan hasteko.
Difteria arnasbideetatik kutsatzen da eta, esan bezala, sukarra, eztarriko mina eta arnas egiteko zailtasunak eragiten ditu, hortaz, asfixia sortu eta hilgarria izan daiteke.
Bestalde, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) plazaratutako azken txostenaren arabera, 2013an 4.680 gaixo berri zenbatu ziren munduan zehar. Azken izurrite handia '90eko hamarkadan jazo zen Batasun Sobietikoan.
Txertoa
Difteriaren aurkako txertoa tetano eta kukutxeztul gaixotasunen kontrakoekin ipintzen da. Kataluniako txertoen egutegiaren arabera sei dosi jaso behar dira; lehenengo hirurak bi, lau eta sei hilabeterekin, beste bat 18rekin, lau eta sei urte artean beste bat eta, azkena, 16 urterekin.
Espainiako Pediatria Elkarteak gogorarazi duenez, nahiz eta Espainain ez da halako kasurik izan azken 30 urteetan, gaixotasun infekziosoa da eta Afrikako, Asiako, Karibeko eta Hego Amerikako zenbait lekutan endemikoa izaten jarraitzen du.