Gizartea -

Lehen kasua 30 urtetan

Difteriaren bakterioa atzeman diete kutsatutako umearen zortzi kideri

Txertoa emanda zutenez, adingabeek ez dute gaixotasuna garatu, baina beste norbait kutsa dezakete.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Generalitateko Osasun Publikoaren Agentziako teknikariek difteriaren bakterioa atzeman diete Oloten gaixotasunak jota dagoen sei urteko umearen zortzi ikaskideri, Boi Ruiz Generalitateko Osasun kontseilariak jakinarazi duenez.

Ruizek prentsaurrekoan azaldu duenez, adingabeek ez dute "gaixotasuna garatu, txertoa jasota zutelako", baina beste norbait kutsa dezakete. Hala, Garrotxa eskualdean txertatu gabeko umeen % 3 kutsa ez dezaten, etxean bakartu dituzte.

Oloten gaixotutako sei urteko umea Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean dute, zainketa intentsiboetako unitatean, "oso larri, baina egonkor".

"57 umeri egin diegun froga eta bakterioa zortziri atzeman diegu", esan du Ruizek. Denei penizilina ematen hasi dira, bakterioa gorputzetik kentzeko.

Bakterioa zuten zortzi umeak kutsatutako ikaslearekin udalekuetan egon ziren gaitza atzeman baino astebete lehenago. "Bakterioa kutsatzeko hurbileko harremana izan behar da, eta halakoetan gertu-gertu ibiltzen dira umeak", azaldu du Osasun arduradunak.Generalitateak ez du oraindik zehaztu zortzi umeetako horietako batek kutsatu ote zuen gaixoa edo honek beste guztiak kutsatu ote zituen. "Infekzio fokua atzeman nahian gabiltza, baina zaila da", esan du Ruizek. Antoni Mateu Osasun Publikoko idazkariak ez du baztertu bakterioa baduen beste lagunen bat egotea: "Beste zortzi ume hauen gertukoei egingo diegu froga orain", azaldu du.

Kataluniako Osasun Zerbitzuak krisialdi mahaia osatu du eta gaitzak kutsatutakoei jarraipen "zehatza" egingo die sei-zortzi egunez. Horrez gain, umeei txertaketa egutegia eskatzeko eta txertoa ez duten haurrak ez onartzeko deia egin die udako udalekuen arduradunei.

Kataluniako herritarrek defendatzaileak ikerketa abiatu du

Beste zortzi umeri bakterioa atzeman dietela eta, Rafael Ribo Sindic de Greuges Kataluniako herritarrek defendatzaileak ikerketa abiatuko duela iragarri du. Difteria kasu honen inguruko informazio guztia eskatu dio Osasun kontseilariari eta hartutako neurriez galdetu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea