Gizartea -

LOMCE

Uriarte:'Behar ez den alarma sortzen ari da proba pilotuaren inguruan'

Probari buruzko informazio okerra ematea egotzi die Hezkuntza sailburuak sindikatuei eta EHIGE eta Sarean elkarteei.

Cristina Uriarte. Argazkia: EFE
Cristina Uriarte. Argazkia: EFE
LOMCErekin nahasmena sortzea egotzi die Uriartek elkarteei

1:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen Hezkuntzako 3. mailako proba pilotuen inguruan "behar ez den alarma" sortzen ari dela salatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta, gainera, gurasoei eta ikasleei probari buruzko informazio okerra ematea egotzi die sindikatuei eta EHIGE eta Sarean elkarteei.

Cristina Uriartek eta Arantza Aurrekoetxea Hezkuntzako sailburuordeak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat ikastetxetako gurasoak eta ikasleak Lehen Hezkuntzako 3. mailako probari egiten ari zaizkion plantoa hizpide izan dute.

Uriartek atsekabea adierazi du, haren esanetan, familiek Lehen Hezkuntzako 3. mailako probari buruzko informazio "urria" eta "zehaztasunik gabea" jaso dutela argudiatuta.

Hezkuntza sailburuaren esanetan, hezkuntzako eragile guztien parte-hartzearekin garatu da Oinarrizko Hezkuntzako curriculumari buruzko proiektua. Gaineratu duenez, ikasleentzat ez du ondoriorik izango eta hezkuntza zentroek eurek egingo dute azterketa Hezkuntza Sailak horien eskura jarritako irizpideak eta ereduak kontuan hartuta.

Bestalde, azpimarratu du diagnosi probak ez duela islarik izango ikaslearen espedientean. Hori dela eta, planto horiekin LOMCEren kontrako jarrera azaldu nahi badute, Uriartek nabarmendu du Jaurlaritza hasieratik agertu dela Hezkuntza Lege berriaren aurka.

Diagnosi proba horien gaineko erantzukizuna Hezkuntza Sailarena eta hezkuntza zentroena dela berretsi du Uriartek, eta hobekuntzarako bide moduan ulertu behar dela gaineratu du.

"LOMCEk ekar ditzakeen ondorio txarrak saihesteko lanean ari gara eta, zehazki, ebaluazio proben gaian, helegitea aurkeztu genuen Auzitegi Konstituzionalean eta Hezkuntza Batzordearen bilera batzuetan ez dugu parte hartu", esan du. Azkenik, erantzukizunez jokatzeko dei egin die gurasoei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea