Gizartea -
Eztabaida Ganberan
Diru-sarrerak bermatzeko errenta igotzea baztertu du Legebiltzarrak
EAJk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduren proposamenaren aurka egin dute. Laguntzen inguruan sozialistek, jeltzaleek eta popularrek aurkeztutako zuzenketak ere ez dira aurrera atera.
Agentziak | Erredakzioa
Diru-sarrerak bermatzeko errenta % 10 igotzearen aurka egin du gaur Eusko Legebiltzarrak, EAJk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduren proposamenaren aurka egin baitute. UPyDk boto zuria eman du.
Horrez gain, laguntza horien inguruan jeltzaleek, sozialistek eta popularrek aurkeztutako zuzenketen kontra ere egin du Ganberak. EH Bilduren legez besteko proposamenak errenta hau arautzen duen sisteman hainbat aldaketa egitea jasotzen zuen. Udal-erroldan izena emanda egon beharreko urte kopurua jaistea proposatu du koalizio abertzaleak: hiru urtetik, batera. Horrez gain, errentaren zenbatekoa % 10 igotzearen aldekoa zen EH Bildu. Iaz diru-sarrerak bermatzeko errentan murrizketak egin zituzten PSE-EEk eta PPk: EAEko udalerri batean erroldatuta eman beharreko urte kopurua igo zuten (urtebetetik hiru urtera) eta laguntzen zenbatekoa % 7ra jaitsi zuten (% 10ekoa zen lehen). EAJk eta PSE-EEk gai honen inguruan aurkeztutako zuzenketak ere baztertu ditu Eusko Legebiltzarrak. Proposamenotan, egun indarrean dagoen sistema "mantendu eta hobetzearen aldeko apustuari" eustea eskatu diote Jaurlaritzari, edo "murriztu nahi duten horien aurrean" defendatzea. Lanbideren funtzionamendua "hobetzeko" deia egiten zuten alderdiek.
Alderdi Popularrak ere zuzenketa aurkeztu du diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan, eta hori ere ez da aurrera atera. "Babes sozialerako sistema hobetzeko" eta Lanbidek dituen "hutsuneak" konpontzeko deia egin dio Jaurlaritzari.